GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Autozentsura

Zein gutxi hitz egiten dugun pertsonok barrenari buruz. Beste batzuekin izaten ditugun milaka elkarrizketatik apenas izaten dira erraiak estutzen dizkigutenekin zerikusia dutenak.

Horregatik, duela gutxi egunerokoan hurbil dudan pertsona batek bere bizitzako aspaldiko istorio bat kontatu zidanean, bat-batean, harritu egin ninduen. Besteak beste, gizona delako, eta gainera, amodiozko istorio bat jakinarazi zidalako, batere ohikoa. Laburbilduta -amodiozko istorio bat ez da sekula orrialde batean sartuko eta- duela hogei urte hemezortzi urteko mutilak hogeita hamahiru urteko neska ezagutu eta maitemindu egin ziren. Mutila neskaren etxera joan zen bizitzera, guraso eta gainerakoen sufrimendu eta kezkaren gainetik. Egon ziren hainbat urte elkarrekin, gustura, gauzak nahasten hasi ziren arte. Mutilak, agian, gehiegi zuelako deskubritzeko. Neskari, ordea, beldurra eta ezinegona jasangaitzak bihurtu zitzaizkiolako. Eta amaitu egin zen.

Emakume hori geratu zait buruan; emakumeok geure buruari mugak eta auto-zentsura ezartzeko dugun ahalmen eta joeraren adibide, eta «carpe diem» barneratzeko ezintasunagatik. Emakume hori duela hogei urte. Hamabost urte gazteagoa zen mutikoarekin maiteminduta, ziur egonda mespretxua, onarpen eza eta sufrimendua jasango zituela, berari sartuko zitzaizkiola begiradak garondoan. Zer nolako buru jana izango zuen, zenbat barne-saiakera hura geldiarazteko, eta maitasun-turrusta mugaezinaren zirrara, batetik, aurrera egiteko zalantza etengabea, bestetik. Maiteminduta, bai, baina ez tuntun; ez epairik, gaitzespenik eta zurrumurrurik gabeko burbuilan biziko zirelako usteak engainatuta, baizik eta gizartearen baitan.

Maitasunezko harremanak ere, estuen zaizkigunak, araututa dituen gizartean. Guztiontzat gizon heterosexualentzat izan ezik. Hauei, gazte zein heldu zein zaharrekin ibili, inork ez die errurik sentiarazten, hortaz, ez dute errurik sentitzen, ez dute berezko sentimendua. Ez baitute «ikasi» maitasun edo sexu grinak agindutakoa bilatzeagatik, beste ezeren gainetik euren desioa lehenetsita, errudun sentitzen. Gizarte-egiturak eurak egin dituelako askeenak, boterearen jabeak, eta ondorioz, arau-sortzaile eta ezarle, arau moralak barne, moralak batik bat. Gizon heterosexuala ez denak -homosexualak, transexualak, emakumeak-, ordea, denetariko zigorrak eta mugak jasan behar izan ditu, bai banakoengandik, bai kolektiboarengandik.

Emakumeen kasuan, argia izan da beti muga, argia izan baita gizartean esleitu zaigun rola. Emaztea, ama, zaindaria, eta hortaz, eskuzabala, sakrifikatua eta otzana. Hortik kanporako guztiak, gaitzetsiak. Bortitz eta zuzen lehen, denboraren poderioz, baina, sotilagoa bihurtu da kanpokoen eraso hori. Hain sotila, hainbeste, ezen desagertu egin dela dirudien. Hain sotila, non errazago konturatu beharko ginatekeen gu geu ere bagarela geure buruaren mugatzaile eta epaile zorrotzak. Kanpoko baldintzen eraldaketa lortuko badugu, nahitaezkoa zaigula barnean ere irabaztea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo