GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

ATHLETIC Azken sailkatua bisitatuko dute bilbotarrek

Erabakiak hartu beharra

Europan sartzeko aukerak berrindartu nahi baditu, azkenaldi honetako jokoa eta emaitzak hobetu behar ditu Athleticek Almerian.

p036_f01_097x184.jpg

Amaia U. LASAGABASTER

Athleticek lehiaketari berrekingo dio Almerian, erabakiak hartzeko beharrarekin. Juegos del Mediterraneo zelaia bere ibilbidea sendotzeko agertoki aproposena ala desegokiena den deliberatu behar du lehenik eta behin eta, hortik aurrera, gainerako erabakiak bata bestearen atzetik etorriko dira.

Esaterako -maiatzera arte oraindik jardunaldi asko geratzen diren arren-, talde zuri-gorriak azken denboraldietako joera errepikatu eta beherantz egingo duen ala ez argitu dezake. Emaitzak alde batera utzita, urte hasieran eskainitako joko-mailatik oso urrun dago egun eta azken asteotako sentsazio horiek ez dute baikor izaten laguntzen. Gauza bera gertatzen da ikuspegi pragmatikoago batean. Athleticek askotan erakutsi du zaleak liluratu barik ere puntuak lortzeko gai dela, praktikotasuna lehenetsiz. Azkenaldian, ordea, partida kaskarrei etekina ateratzeko makila magikoa nonbait galdu duela ematen du. Lehiatutako azken 21 puntuetatik lau besterik ez ditu eskuratu. Horren inguruko erabakiak hartu beharko ditu, beraz, Athleticek, aurkariak egoera estutzen ari baitira, behaztopen ondorioak apaintzeko tartea gero eta txikiagoa denean.

Bekaizkeria ukituko irribarreaz entzungo dituzte horrelakoak Almerian, ziur aski, bertan erabakiak hartzeko aukerarik ere ez baitute. Ez eta inolako tarterik ere. Sailkapena lepoa luzatuz besterik ez dute ikusten andaluziarrek eta egoera horrek, aurretik bederatzi jardunaldi geratzen ez direnean, ez du alternatiba handirik eskaintzen: partida bakoitzari final bat izango balitz bezala ekin behar zaio, estropezu bakar bat izan baitaiteke erabatekoa.

Bilbon, hala ere, ez dago konfiantza handirik. Alde batetik, Almeriak «sailkapenak islatzen duena baino kalitate handiagoa duelako». «Kalitatezko jokalariak ditu -nabarmendu zuen Joaquin Caparrosek-. Erasoan maila handiko jokalariak ditu, indarra eta abiadura dutenak eta, gainera, ondo landuta dagoen taldea da». Horregatik, andaluziarren azken postu horrek entrenatzaile zuri-gorria «harritzen» du.

Kalitatea, hala ere, ez da kontuan hartu beharreko gauza bakarra. Almeriaren egoerak berak talde arriskutsuagoa bilakatzen duela uste du Caparrosek. «Bizirik irauteko borrokan ari diren taldeak oso arriskutsuak dira, edozein gainditu dezakete», adierazi zuen, Sportingek larunbatean Bernabeun lortutako garaipena gogoraraziz.

Hori dela-eta, Athleticek emozioak ondo landuta eraman beharko ditu andaluziarren zelaira. «Motibazioa neurtzea ez da erraza, baina guk ere interes bat, motibazio bat dugula pentsatuz jokatu behar dugu. Europan sartu, eta hazten jarraitu nahi dugu». Eta horretaz gain, arreta eskaini beharko diote bilbotarrek beren jokoari ere, azkenaldi honetan, batez ere etxetik kanpo, partida eskas samarrak jokatu baititu. «San Mameseko taldea izaten ahalegindu behar dugu, baloia martxan jartzen denean aurretik idatzitako gidoiak gehiegi esan nahi ez duen arren».

NOBEDADEAK

Gaizka Toquerorekin batera, Xabi Castillo eta Carlos Gurpegi itzuliko dira hasierako hamaikakora, Koikiliri, Pablo Orbaizi eta Oscar de Marcosi lekukoa hartuta.

BETERANOA

Partida hasiera aulkitik jarraitu beharko du ziur asko, baina minuturen bat jokatuz gero, Igor Gabilondok 150. partida ofiziala jokatuko du zuri-gorrien kamiseta jantzita.

ALMERIA - ATHLETIC
Egoera berri eta deserosoa du Markel Susaetak

Gaizka Toquero eta Xabi Castillo berreskuratu ditu, besteak beste, Joaquin Caparrosek deialdirako. Ustekaberik ez, gasteiztarrak, ondo egonda, lekua ziurtatuta baitauka bai deialdian, baita hamaikakoan ere, eta durangarra taldean sartu baitu andaluziarrak astearen azken lan-saioetan. Berririk, baina, badago, Bilbon geratu direnen artean Markel Susaeta baitago. Eta eibartarra ez dago ohituta horrelako egoerak bizitzen.

Izan ere, beste behin bakarrik geratu da Susaeta deialditik kanpo aurtengo denboraldian -18. jardunaldian, Malagaren aurkako norgehiagokan-, baina arazo fisikoek behartuta izan zen. Gainerako zerrenda guztietan egon da eta partida gehienetan, gainera, minuturen bat jokatzeko aukera izan du.

Argi dago, hala ere, erdilariak galoiak galdu dituela azkenaldian. Caparrosen eskutik 07/08 denboraldian estreinatu zenetik, ohikoa izan da Susaeta hamaikakoetan ikustea -Garcia Macuak, izan ere, «estrategikoen» taldean sartu zuen-. Lehen denboraldi hartan bederatzi partida besterik ez zituen galdu; hurrengoan lau eta iazkoan hirutan besterik ez zuen zelaia zapaldu. Eta neurketa gehienetan, gainera, hasierako taldean parte hartu zuen.

Horrela ekin zion aurtengo Ligari ere, baina bere errendimenduak nabarmen egin du behera astetik astera. Golik ez sartzearen datu anekdotikoa baino -inoiz ez da «killer» bat izan-, bere jokoaren ekarpen eskasa izan da gutxika «hautatuen» multzotik atera duena. Lehen abisua David Lopezen titulartasunarekin jaso zuen; bigarrenaren mehatxua Oscar de Marcosek azkenaldi honetan duen protagonismoarekin -eta entrenatzaileak arabarrari eskainitako laudorioekin- heldu zen. Susaeta ez da inoiz ezkutatu eta hobetu beharra duela publikoki onartu du, baina Caparrosek eskainitako azken aukera -hamaikakora itzuli zen Getafen- ere ez zuen aprobetxatu, eibartarrak berak aitortu zuen bezala. Beheranzko bideko hurrengo urratsa heldu zaio, deialditik kanpo geratuta. Hilabete eta erdi dauka aurretik egoerari buelta emateko.

Susaeta ez da Almeriako neurketa etxetik jarraitu beharko duen zuri-gorri bakarra. Berarekin batera, Koikilik, Ustaritzek -arazo fisikoak izan ditu astean- eta Urko Verak -Bilbao Athleticekin jokatu zuen larunbatean- galdu dute lekua deialdian. Horien lekukoa, Gaizka Toquerok, Xabi Castillok, Ander Iturraspek eta Iñigo Diaz de Ceriok hartu dute.   A.U.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo