GARA > Idatzia > Kultura

«Ospakizunaren harira, galdetu didate ea herri kiroletan nabilela uste dudan»

p056_f01_148x236.jpg

Manex Agirre
Arabako bertsolari txapelduna

Aramaion jaio zen 1982an eta Eskolarteko Txapelketan txapeldun izan da urte batez. Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartu duen guztietan finalean kantatzea lortu du eta, 2002an eta 2008an, buruz burukoraino ere iritsi zen. Iaz, Aramaioko taldearekin Kuadrilla Arteko Txapelketan nagusitu zen eta larunbatean lortu zuen Gasteizen, lehenengo aldiz, Arabako Bertsolari Txapelketako txapela.

Ane ARRUTI | GASTEIZ

Txapela ez dela obsesio bat kantatu zenuen agurrean, baina, agian, gainditu gabeko irakasgaia bai?

Esango nuke orain urte batzuk baietz. Orduan beste gose bat nion txapelari. Baina, agurrean esan nuen bezala, baretasuna irabazten duzu denbora aurrera doan heinean eta txapelaren kontua baretasun horrekin ikusten nuen txapelketa osoan. Gainditu gabeko irakasgaia ez nuke esango. Noski, oso ondo etorri zait eta oso gustura nago.

Orain arte beti izan zara finalean, bi alditan egin duzu bigarren, eta azkenean hirugarren buruz burukoan etorri da saria.

Bai, buruz burukoa ezagutzen nuen. Esango nuke beste bi aldi horietan ez nuela nire burua topatu. Buruz buruko horietatik ez daukat oso oroitzapen onik. Ez dakit urduritasuna izan zen edo zer. Aurten, entzun nuenean pasatu nintzela, nire buruari esan nion: goazen gauzak ondo egitera. Nahiko seguru sentitu nintzen eta hori igarri egin zen.

«Joven promesa eterno» titulua kentzeko moduan gaude, beraz.

Baietz uste dut. Promesak betetzen direnean, promesa izateari uzten zaio, beraz, kentzeko moduan bai.

Finalean Oihanerekin hasi zinen kantuan. Kanpotik behintzat, zalantzati nabari zitzaizun.

Gaia nahiko itxia tokatu zitzaigun. Japoniatik bueltan, kontestu zehatz batean... Hori entzutean, ez nekien nondik jo eta Oihanek Garoñaren konparaketa atera zuenean, niretzako salbazioa izan zen, eskerrak horri! Zortziko handitik pasata, beste segurtasun bat hartu nuen.

Zortziko txikitik aurrera, gora eta gora.

Hasieran, nahiz eta dudak izan, zortziko handikoarekin ere gustura gelditu nintzen. Ikusten nuen finala ondo hasi zela, indartsu, eta gauzak ondo eginez gero zerbait lor zitekeela. Zortziko txikian, Otamendirekin informatika kontuekin hasi nintzenean, oso saio bizia eta umoretsua atera zen eta bultzada handia eman zidan. Eta gero hamarreko txikian Anderrekin... ba bai, gora eta gora.

Bi ofizio horiek oso txalotuak izan ziren, biak gainera informatikarekin lotuak. Otamendirekin beroketa dotore joan zen eta, Solozabalekin egindakoarekin, publikoa lehertu egin zen.

Horrelako kasualitateak pasatzen dira txapelketetan. Agian, ez kontestu berekoak baina joera berdintsuko gaiak tokatzea. Hamarreko txikiko ofizioarekin oso gustura gelditu nintzen, baina saioaren ostean, gauean, eta gaur (atzo), ikusi dut jendeari nik espero baino gehiago gustatu zitzaiola eta oso ondo pasatu zuela. Egia da jendeak oso ondo erreakzionatu zuela, bero-bero, txalo pilo bat... Finaletik, ofizio horrekin gelditzen naiz, hamarreko txikikoarekin.

Buruz burukoan bederatzi txapel dituen Otamendirekin kantatzea egokitu zitzaizun. Beldurra? Errespetua?

Beldurrik ez eta errespetua zentzu onean. Hainbesteko ibilbidea eta segurtasuna duen bertsolari batekin azken txanpa egiteak ematen dizu halako segurtasun bat. Badakizu berak ez duela huts egingo. Otamendik akatsik egitea oso-oso zaila izaten da, eta bukaeran, dena eman behar duzunean, oraindik zailago. «Mainontzi»-n berarekin kantatzea motibazio bat gehiago izan zen. Oso ofiziokide ona da, asko laguntzen du elkarrizketa eraikitzen eta arrazoiak ematen, eta ofizioa eramateko oso lagun ona da.

Kartzelako lana iritsi zen gero eta behar beste denbora hartu zenuen pentsatzeko. Zaila egin zitzaizun ariketa?

Gai aldetik hau bai zela oso irekia. Edozein lekutatik hartu zenezake, ispilu aurrean denok jartzen gara. Denboraren zati handi bat zeri buruz kantatu erabakitzen pasa nuen. Gairik egokiena eta garatzeko erosoena zahartzaroarena ikusi nuen. Gero, nahi baino denbora gehiago egin nuen gaia hiru bertsotan banatu -hori nahiko ondo- eta gutxi gorabeherako betelan hori prestatzen. Errimak burura ekartzeko tiraka ibili nintzen.

Bertso biribilak atera zitzaizkizun gero. Gustura gelditu zinen?

Bai, zerbaitetan asmatu banuen bertso bakoitzean zerbait ezberdina esaten eta bukaeran errematea ematen izan zen. Arantzatxo bat gelditu zitzaidan, bigarren bertsoan doinuarekin nahastu nintzen. Akats txiki bat izan zen, baina... dios! hori hobeto atera zitekeen.

Txapeldunaren izena entzutean, Printzipal lehertu egin zen eta zu ere bai. Ospakizun «berezia» egin zenuen.

Jendeak galdetu dit ea uste dudan herri kiroletan nabilela edo futbolean edo zer. Iristen da momentu bat zeure burua ez duzula kontrolatzen eta gorputzaren barru-barrutik, erraietatik irteten zaizun poz horrek ez du frenorik. Uste dut, gainera, frenoak jartzen ibiltzea ez dela ona. Nik, asko pozten naizenean, horrela erreakzionatzen dut. Jendearen txaloak eta poz hori dena jasotakoan, beste erreakzio modurik ez zitzaidan okurritu.

Agurra ere oso hunkigarria izan zen, herriko preso bati eskaini zenion txapela.

Oso garai berezia da orain Aramaion. Herri txikia da eta bi preso dauzkagu: Jon Agirre bat eta Luis Mari Azkargorta Kanto bestea. Agirre, Zornotzako Gatzarekin batera, euskal preso politikoen artean barruan denbora gehien daramana da, 30 urte jada, eta maiatz honetan aterako da. Txapela zeini eskaini nahiko konplikatua da, gauza asko pasatzen zaizkizu burutik, baina argi ikusi nuen eskaintza egiteko helburu nagusia. Aramaion horrelako notizia bat ez da egunero jasotzen eta nik uste txapela leku onera eskainita dagoela.

Finalak «tranpolin» izaten dira askotan, plaza gehiago izateko. Uste duzu txapel honek lagunduko dizula horretan?

Ez dakit. Seguru aski baten batzuk etorriko dira eta ongi etorriak izango dira. Ez da nire obsesioa. Txapela etorri da, ondo etorri da, eta gero onuraren bat ekartzen badu, niretzat plaza gehiago egitea plazer handi bat izango da.

 
HIRUGARRENEAN

«Beste bi buruz burukoetatik ez daukat oso oroitzapen onik. Aurten nahiko seguru sentitu nintzen eta hori igarri egin zen»

INFORMATIKaz

«Hamarreko txikiko ofizioarekin oso gustura gelditu nintzen, baina ikusi dut jendeari nik espero baino gehiago gustatu zitzaiola eta oso ondo pasatu zuela»

eskaintza

«Gauza asko pasatzen zaizkizu burutik, baina argi ikusi nuen helburu nagusia. Aramaion horrelako notizia bat ez da egunero jasotzen»

«Formatua aldatu beharra zegoen eta fruitu garrantzitsuak eman ditu»

Publiko artean komentario hauxe entzun nuen: «Araba diferentea da». Hala da?

Onerako ala txarrerako?

Denerako...

Beno, kontuan hartu beharra dago egoera soziolinguistikoa. Bertsolaritza, nik uste, gizartearen egunerokotasunaren ispilu nahiko garbia dela. Arabako bertsolaritza bada Arabako euskararen egoeraren ispilu. Ez dut esaten hori txarra denik. Batetik, beste eremu osasuntsu batean baino aukera gutxiago daude bertsotan egiteko eta bertso-eskola gutxiago daude. Baina bestetik, har lezake beste kolore bat gure bertsokerak. Txapelketan ikusten da. Saioetara etortzen den batentzat, agian da lehenengo aldia, agian ez zekien bertsoa zer zen ere... Gu horren kontziente gara.

Iaz apustu garrantzitsua egin zen Kuadrilla Arteko Txapelketa sortuz. Zer iruditzen zaizu formatu aldaketa hori?

Behar bat zen. Urtero-urtero txapelketa geneukan eta horrek ekartzen du antolakuntza aldetik neke bat, baita bertsozaleen eta bertsolariena ere. Inertzia batzuk sortzen dira eta nekatuta geunden beti finalaurreko eta final antzekoak ikusteaz. Gurpil zoro baten modukoa zen. Formatu aldaketak fruitu garrantzitsuak eman ditu. Aurten parte hartzen hainbeste izatea ez da kasualitatea eta gu ere beste gogo eta ilusio batekin joan gara «deskantsu berezi» horren ondoren.

Publikoan ere igarri da?

Pentsa, Atauri moduko herri txiki batean hirurogei lagun elkartzea, Elosun ia laurogei... Hori sekulakoa da. Eta gu ere ez gaude ohituta.

Aramaio, datorren urtean ere egurra emateko prest?

Noski! Txapela mantentzen saiatuko gara. Talde sendo bat egin eta ea herrira eramaten dugun. Iazkoa oso polita izan zen, bertso-eskolaren urteurrenarekin bat egin zuen eta poz kolektiboa izan zen. Datorren urtean, egurra berriro!    A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo