GARA > Idatzia > Kultura

Koldo Almandoz: «Ez dugu militantziagatik egiten zinema, gustuko dugulako baizik»

Iaz Tene Mujika beka irabazi zuen lana, «Zeluloidezko begiradak», aurten kaleratu du Elkar argitaletxeak. Mikel Garciak Euskal Herriko hamahiru zuzendariri egindako elkarrizketak biltzen ditu liburuak.

p042_f01_097x096.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Fernando Larruquert, Nestor Basterretxea, Helena Taberna, Imanol Uribe, Julio Medem, Montxo Armendariz, Koldo Almandoz eta Jose Mari Goenaga dira Mikel Garcia kazetari irundarraren «Zeluloidezko begiradak» liburuaren protagonistetako batzuk. Iazko Tene Mujika saria irabazi zuen eta 13 euskal zinema zuzendarirekin izandako solasaldiak eraman ditu liburura. «Zinemazalea naizen aldetik, aukera ona izan zen Tene Mujika beka zinemagileekin hitz egiteko», azaldu zuen atzo Garciak aurkezpen ekitaldian.

Argitalpenean aukeratutako zinemagileei eman die hitza eta euren sorkuntzez aritu dira. «Bakoitzaren ibilbideari buruz, zinemaz eta zinemagintzaz orokorrean... Ahots anitz ageri dira liburuan eta horrek aberasgarriagoa egiten du», esan zuen kazetariak.

Mikel Garcia kazetaritzan lizentziaduna da eta, 2004az geroztik, «Argia» astekarian egiten du lan, baina idazkuntza aspalditik jorratzen duen diziplina da. Izan ere, 2006an Rikardo Arregi saria irabazi zuen kazetari berrientzako atalean eta 2009an, berriz, Gabriel Aresti ipuin lehiaketa.

13 gonbidatuak «egin dituzten pelikulengatik edo beraien estilo pertsonal eta bereziagatik Euskal Herriko zinemaren bidean garrantzitsuak direlako» aukeratu zituen Garciak. Hala ere, helburua ez zen zuzendari guztiak biltzea, «euskal zinemaz eta zinemaz oro har hainbat ikuspegi ezberdin jasotzea» baizik. Gai horien artean, euskal zinema existitzen den ala ez galdetu zien kazetariak bakoitzari eta denak «nahiko pragmatiko» agertu zirela azaldu zuen.

Liburuaren aurkezpenean, egilearekin batera Koldo Almandoz eta Jose Mari Goenaga izan ziren. Liburuan parte hartzeko aukera eman izana eskertu zioten kazetariari bi egileek. Almandozek pragmatikotasuna normalizazioa dela azaldu zuen. «Batek argazkiak ateratzen dituenean, ez dira euskal argazkiak izaten. Ez dugu militantziagatik egiten zinema, gustuko dugulako baizik», azaldu zuen zuzendariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo