Baigorrin eta Gernikan «nazio bakarra garela aldarrikatzera» deitu du Segik euskal gazteria
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Datorren apirilaren 24an, Baigorrin eta Gernikan, Aberri Egunean parte hartzera deitu du Segik. Gazte erakundearen esanetan, «frantziar eta espainiar agintariak Euskal Herriaren askatasunaren aldarria isilarazten saiatzen» diren arren, gero eta herritar gehiagok azaltzen du nahi hori.
Alta, oraindik ere bide horretan «urrats andana» egiteke dagoela ohartuak dira. Segiren iritziz, horietako bat Euskal Herriaren aitortza eskuratzea da, «herri gisa, euskaldun egiten gaituzten zeinuen biziraupena berma- tzeko, bai eta herritar gisa ere, gure hitza eta erabakien bermea lortzeko».
Gazte independentisten aburuz, ordea, «estatuek harturiko bidea ez doa zentzu horretan eta gu zatitu eta gure aldarrikapenak desagerrarazteko» ahaleginak eta bi egiten dituztela salatu dute.
Ezker abertzalearen proiektuaren barruan, bake-prozesuaren bultzada «urrats berria» dela dio, «egiazko espazio demokratikoa eta autodeterminazioa» lortzeko bidean. Horren «motore» herria dela nabarmenduta, mobilizatzeko deia egin diete, batez ere, gazte independentistei.
Gazteak, «aktore»
Ildo horretan, Baigorrin eta Gernikan «aktore» izatera eta herrietan ikurrina karrikaratzera deitu dute. Aberri Egunaren bidez, berriro ere mezu bakarra hedatzea dute helburu, «herri bakarra osatzen dugula», alegia.
Bestalde, uztailaren 14an, frantziar errepublikaren ospakizunen karietara, aurten ere «militar eta politikarien presentzia» salatuko dutela iragarri dute.