GARA > Idatzia > Kultura

Harremanak sendotzeko asmoz, Gipuzkoako bertso eskolen jaia ospatuko dute Legazpin

p041_f01.jpg

GARA | LEGAZPI

Gipuzkoako bertso eskolek beren jaia ospatuko dute datorren igandean Legazpin, elkar ezagutzeko eta harremanak sendotzeko. Eta atzo hainbat lagun bildu ziren Goierriko herri honetan, ekintzaz bete-betetako eguna aurkezteko. Bertan izan ziren Xotero Plazaola alkatea, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Edurne Soraluze, Legazpiko Bertso-Olariak eskolako Julen Agirreburualde eta Haritz Solupe Aldundiko kidea. Bertso eskolan dabiltzan neska-mutiko talde bat ere batu zen.

Igande goizerako jarri zuten hitzordua Gipuzkoa osoko haurrekin, 10.30ean plazan. Korosti eta Sustraiak dantza taldeek ongietorri aurreskua egingo diete eta gero taldekako jolasei ekingo diete. Kalejira eta bazkaria izango dituzte gozagarri, eta arratsaldean, zezenak, poniak, trikitilariak eta ikuskizun eder bat.

Egunaren nondik norakoak azaltzeko bakarrik ez, esker ona adierazteko ere aprobetxatu zuten aukera atzoko ekitaldian. Adibidez, Xotero Plazaolak herriko Bittor Agirre eta Iñaki Azarola bertsolari beterano nekaezinak, Bertso-olariak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartea goraipatu zituen. «Bertso eskolen mugimendua oso ilusionagarria da Euskal Herriarentzat», agertu zuen. Edurne Soraluzek zehaztu zuenez, Hezkuntza Arautuko Proiektuan Gipuzkoako 8.700 neska-mutikok jasotzen dituzte bertsolaritza eskolak, iazko ikasturtean baino mila gehiagok. Herrialde honetako bertso eskoletan, aldiz, 884 lagun dabiltza. Horietatik %38,80 emakumeak dira, eta haurren eskolak dira jendetsuenak, parte-hartzaileen %68 biltzen dira horietan. Elkarteko transmisio eragileak eskerrak eman nahi izan zizkien udal eta ikastetxe guztiei euren konpromisoagatik, baita Kutxaren Gizartekintzari eta Aldundiari ere, emandako babesarengatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo