GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Luparik behar ez duen iruzurra

Demokrazia batean hauteskunde koalizio bat erregistratzea gauza normala da, edo izan beharko luke. Estatu espainolean, ordea, ez da hala. Estatu espainolean normalagoa da ministroek epaitegien erabakiak aurrez iragartzea; normala da jarduera politikoa murriztu eta are debekatzea ere, hartarako legeak sortu, aldatu eta bihurritu behar badituzte ere. Normaltasun parametro bitxi horietan, normala da atzo Bildu hauteskunde koalizioa Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroaren mehatxuen pean erregistratu izana hauteskunde-batzordeetan. Rubalcabak legezko bi alderdiren koalizioa dela onartu zuen; hala ere, zerrendak «lupaz» aztertuko dituztela iragarri zuen, «iruzurrik egin ez dezaten». Horren kontu larria izango ez balitz, barregarriak lirateke ministroaren hitzak, Alderdien Legea eta Gobernuaren jarrera iruzurraren gaineko iruzurra direla ikusita. Adierazpen horiek nahikoa dira Estatu espainolaren demokrazia-gabezia sumatzeko, xehe-xehe aztertu behar izan gabe.

Nolanahi ere, eta mehatxuak mehatxu, atzo erregistratu egin zuten Bildu, eta talde politiko batek izan dezakeen bermerik onena du koalizioak, alegia, herritarren bermea, euskal gizartearen sektore esanguratsu batek eskatu izan duen indar abertzale eta ezkerrekoen metaketaren aldeko apustuaren ordezkari baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo