GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasle Korrika antolatu dute Donostialdeko Ikasle Abertzaleek

Bihar Trebiñutik abiatuko den Korrikaren 17. edizioa hamar egun geroago Donostian amaituko denez, Gipuzkoako hiriburuko gazteek Ikasle Korrika antolatu dute ekimenarekin bat eginez. Korrika Donostiara apirilaren 17an helduko bada ere, bi egun lehenago ikasleek euren Korrika propioa egingo dute Bulebarretik Easo plazaraino. Donostialdeko ikasleei parte hartzeko deia egin diete, egungo hezkuntza sistema salatzearekin batera.

p014_f0270300.jpg

GARA | DONOSTIA

«Euskara maite dugu eta euskaraz maite dugu elkar. Euskara ikasi genuen, batzuek etxean eta besteek eskolan. Euskaraz aritu nahi dugu egunerokoan». Aurtengo Korrika 17rekin bat eginez, gazte donostiarrek AEK-ren euskaren aldeko ekimenean parte hartzeko dei egin dute.

Ikasle Abertzaleek aurtengo Korrikaren edizioa Trebiñun hasi eta Donostian amaituko dela aprobetxatuz, apirilaren 15ean, Korrika Gipuzkoako hiriburura iritsi baino bi egun lehenago, Ikasle Korrika antolatu dute Donostialdeko ikasleen artean. Eguerdiko ordu batean Bulebarretik Easo plazarainoko tartea egingo dute euskararen alde korrikan. Atzo prentsaren aurrean eman zituzten azalpenen arabera, Ikasle Korrika DBH, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago. «Oraintxe bost ikastetxe gabiltza egun honen prestakuntzan buru-belarri, baina gainerakoei animatu eta parte hartzeko gonbita egin nahi dizuegu!», adierazi zuten. Hala, www.ikaslekorrika.blogspot.com webgunean emango dituzte ekimenaren gaineko xehetasun gehiago.

Ikasle Abertzaleetako kideen hitzetan «mundu zabalean bizi garela jakinik eta aniztasunari uko egin gabe, kaleko hizkuntza nagusi bihurtu nahi dugu euskara: musikagintzan euskara, irrati telebistetan euskara eta batez ere, ikastetxeetan euskara, kalitatezkoa».

Urte luzez euskaldunak eurena ez zen hizkuntzetan ikastera behartuak izan direla gogor salatu zuten gazteek. «Euskal herrian bigarren mailako herritarrak maizegi izan gara», adierazi zuten. Ohartarazi zutenez, gaur egungo hezkuntza politikaren ondorioz, euskaldunok «bigarren mailako hiritar izaten jarraituko dugu», eta hein horretan, PSOE-PPren hirueleko ereduaren aurka agertu ziren.

deia

Ikasle Korrika ekimena antolatzen Donostialdeko bost ikastetxe badabiltza ere, gainerakoei parte hartzeko deia egin zieten Ikasle Abertzaleek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo