GARA > Idatzia > Kirolak> Eskubaloia

San Antonio Kopa

Bigarren ezustekoa eman nahi du Ciudad Realen aurka

GARA | IRUÑEA

«Ilusioz eta presiorik gabe». Zer gehiago eska dezake kirol-talde batek Kopa bezalako txapelketa garrantzitsu bat jokatu behar duenean? Horiexek dira Juanto Apezetxea entrenatzailearen hitzak, eta halaxe aurkeztuko da gaur Amaya San Antonio, Ciudad Realen aurkako kanporaketan (21.00etan, Vigoko As Travesas udal pabilioian).

Ezaguna dute nafarrek aurkaria. Izan ere, San Antoniok ezustea eman zuen duela aste pare bat Iruñean, 31-30 irabazi baitzuen Asobal Ligako talde onenetarikoa den honen aurka.

Apezetxeak zail ikusten du bigarren aldiz ezustea ematea, gauza askoren artean, Ciudad Real titulua irabazteko «faborito argia» delako. Hala ere, «horregatik ez ditugu besoak jaitsiko eta gauzak erraz jarriko».

Azken orduko ezustekorik ez badago, jokalari hauek osatuko dute deialdia: Ristanovic, Lucau, Mindegia, Meoki, Vargas, Victor, Sevaljevic, Rasic, Borragan, Crowley, Urdiales, Alberto, Gedeon eta Eloy. Egongo ez dena Javier Humet ezker hegala da, pneumoniak jota baitago.

Ciudad Realek, aldiz, ez du partida mendeku bezala hartuko. Hala adierazi zuen, behintzat, Talant Dujshebaev entrenatzaileak. «Ahal den errespetu handienarekin goaz Amaya Sporten aurka neurtzera».

Jokalari ohiak gizon guztiak ditu prest nafarren aurka jokatzeko, Dinart frantsesa izan ezik. Gainera, jokalari bat utzi beharko du deialditik kanpo: Hombrados, Sterbik, Kallman, Davis, Abalo, Garcia Parrondo, Aginagalde, Shevelev, Rodriguez, Cañellas, Enrerrios, Guardiola, Morros, Jurkiewicz eta Lazarov.

Tremblay, Errekopan

Bestalde, San Antoniok Tremblay talde frantsesaren aurka jokatu beharko du Errekopako finalerdia. Apezetxeak «partida irekia» izango dela uste du.

Joaneko norgehiagoka Iruñean jokatuko da, hilaren 23an edo 24an, eta itzulekoa, hilaren 30ean edo maiatzaren 1ean Estatu frantsesean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo