GARA > Idatzia > Euskal Herria

Irakasle postuen murrizketak salatzeko manifestaziora deitu du Seaskak

Datorren ikasturterako ikastoletan beharrezkoak diren zortzi irakasle postuak Parisek bere gain hartzen ez dituela salatuz, manifestazioa iragarri du Seaskak apirilaren 30erako. Seaskak berak ordaindu beharko lituzke 22 postu, eta bere etorkizuna arriskuan jarriko luke horrek.

Ainize BUTRON | BAIONA

Lanpostu murrizketak direla-eta, azken asteotan ikastoletan gauzatu diren protestaldien ondotik, apirilaren 30ean Baionan manifestazioa egingo dutela iragarri zuen atzo Seaskak.

Baionako egoitzan, Paskal Indo Seaskako lehendakaria, Ur Gorostiaga zuzendaria eta egiturako batzorde eragileko hamar bat kide bildu ziren. Ohartarazi zutenez, Seaskak lanpostu horiek bere gain hartuko balitu, «egitura osoa arriskuan» egongo litzateke.

«Ikastola guztiak mobilizatu badira ere, botere publikoengandik ez dugu inolako erantzunik jaso. Akademia ikuskariarekin joan den astean biltzean, gure kezkarekin bat egiten zuela erran zigun, baina oro har postu murrizketen garaia dela argudiatuz, ez digu postu berririk eman», azpimarratu zuen Paskal Indok. Azken urteotan ikastolek izan duten garapena gogora ekarri zuen lehendakariak, urtez urte ikasle kopurua 150 eta 200 haurren artean emendatzen ari dela goraipatuz. Datorren ikasturtean, gutxienez, 150 ikasle gehiago aurreikusten ditu, beraz, Seaskak. «Alta, 50 ikasle gehiago izan arren, bigarren mailetan hiru postu kendu nahi dizkigute. Lehen mailetan hiru postu gehiago baizik ez genituzke ukanen, hots 47 haur irakasle bakoitzeko», jarraitu zuen Paskal Indok.

Hitzarmena bete gabe

Frantses Hezkuntza Ministerioaren engaiamendu ezaren ondorioz, Seaskak, jadanik hama- zazpi irakasleren postuak ordaintzen ditu. Eta, egoera aldatzen ez bada, 22 irakasle lanpostu ordaindu beharko ditu Seaskak. Horren harira, 2009an Euskararen Erakunde Publikoak eta Ministerioak izenpetu hitzarmena gogora ekarri zuen Indok. Hitzarmen horrek, izan ere, hiru urtez hamaika postu emateaz gain, «ikasle kopuruaren bilakaera urte guztiz kontuan hartuko da», aipatzen zuen. «Konfiantza bagenuen, baina, ez dute egin», nabarmendu zuten Seaskako batzorde eragileko kideek.

Egoera larri horren aitzinean, irtenbide bakarra agintari publikoak beren egitekoak betetzera behartzea da, Seaskako ordezkarien ustez. Horregatik, apirilaren 30ean Baionara joatera deitu zituzten ikastoletako guraso, langile eta euskaltzale guztiak, «euskararen alde, ikastolen alde» aldarrikapena zabaltzeko. Orotara, ikastolek zortzi lanposturen sorrera aldarrikatuko dute manifestaldi horretan.

«Ikastolen garapena trabatzea euskara hiltzea da, ikastola baita euskararen transmisioa segurtatzen duen azken egitura», goraipatu zuen, azkenik, Seaskako ehendakaria den Paskal Indok.

Defizita

Datorren urtean bost lanpostu gehiago bere gain hartuz gero, 200.000 euroko zorra egingo luke Seaskak. Horrela segituz, 2013-2014an ordainketa-etendura aurkeztu beharko luketela ohartarazi zuten atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo