GARA > Idatzia > Euskal Herria

Manos Limpias talde ultrak Plazandreok-en aurka jo du aldizkari bat dela eta

Plazandreok plataformaren aurkako salaketa jarri du Manos Limpias talde ultraeskuindarrak Donostiako Epaitegian, aldizkari batean erlijio sentimenduak iraintzen dituelakoan. Aldizkaria diruz laguntzearren, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Aldundia ere salatu dituzte.

GARA |

Manos Limpias talde ultraeskuindarrak gogor jo du Plazandreok emakumeen plataformaren aurka, «Feminismoa, herritarrak eta laikotasuna» izenburuarekin kaleratutako aldizkari bat dela-eta. «Erlijio sentimenduen aurka» aritzea leporatzen diete, «Arrosarioak gure obarioetatik kanpora» gisako kristautasunaren aurkako esaldiak eta emakume baten sexu organoak gurutziltzatuta ageri direlako, besteak beste.

Martxoaren amaieran Donostiako Epaitegian jarritako salaketa batean, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Aldundiaren aurka ere jo dute: kazeta hori diruz laguntzeagatik «ondasunak bidegabe erabiltzea» leporatu diete.

Emakumeen plataformari egozten dioten delituagatik zortzi eta hamabi hilabete bitarteko multa-zigorra eskatu dute. «Jurisprudentziak dogma, sinesmen, erritu edo zeremonien eskarniotzat hartzen duena gertatu da», diote Manos Limpias-ekoek. «Ondasunak bidegabe» erabili direla arrazoitzeko, bestalde, Zigor Kodean animus utendi izendatzen den delitua ikusten dute talde ultrako kideek, erakundeok etekina ateratzeko asmoa izan dutela, alegia.

«Lobby feminista»

Emakumeen plataformak berak eman die hedabideei salaketa honen berri, bertan jasotzen diren akusazioekin erabat txundituta. Izan ere, aldizkarian agertu diren esaldi edo irudietatik abiatuta, Manos Limpias sindikatukoek ondorioztatu dute Plazandreok plataforma «ezker abertzalearekin flirtean dabilen lobby feminista» dela, horrekin euren akusazioa arrazoituta geratuko balitz bezala.

Edonola ere, salaketaren berri eman ondoren, emakumeek euren gorputzarekiko duten askatasuna defendatu dute.

salaketa

Manos Limpias-ek Donostiako Epaitegian aurkeztutako salaketan, Plazandreok «ezker abertzalearekin flirtean dabilen lobby feminista» dela dio, bere akusazioa indartzeko-edo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo