GARA > Idatzia > Kultura

Baionako Bonnat museoak hiru urtez itxiko ditu ateak

«Bonnat-Helleu museoa» izendapen berria eskuratzekotan dago Baionako Bonnat museoa. Horretara heltzeko, frantses Kultur Ministerioak aginduriko handitze eta zaharberritze lanak egin ahal izateko, erakustokiak hiru urtez itxiko ditu ateak. Epe horretan, aretoan den 6.000 obrako bilduma egiaztatzen arituko dira museoko langileak, eta horrekin batera, museoari irudi berria emateko proiektu arkitektonikoa landuko dute.

p054_f01_152x144.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Bihar, astelehena, Bonnat museoaren ateak hiru urterako itxiko dituztela jakinarazi zuen berriki Baionako Herriko Etxeak. Agiri baten bidez, epe horretan museoko langileek sei mila obraz osaturiko bildumaren ikerketa historikoa, egiaztapena, zaharberritzea eta bilketa lana eginen dutela azaldu zuen. «Itxiera horren helburua, egitasmo zientifiko eta arkitektoniko berri bat zabaltzea da», nabarmendu zuen. Epe horren ondotik, Bonnat museoari izen berria emanen dio Udalak, hain zuzen, Bonnat-Helleu Baionako Arte Ederren Museoa.

1891. urtean, Leon Bonnat artista eta bildumagileak Herriko Etxeari eskainitako obrei esker indartu zen Baionako erakustokia eta Estatu frantseseko nagusienetariko bat bilakatu zen. Horren ondotik, hainbat eskaintza izan ditu, eta, bertan diren sei mila obren artean, besteak beste, Rafael, Leonardo da Vinci, Van Dyck, Rembrandt, Delacroix, Courbet, hots, artearen historiako izen handiko artisten obrak aurki daitezke.

Bonnatek egindako eskaintzari, berriki, Howard-Jhonsonek eskainitako beste 250 obra, higiezinen jabetza eta banku kontu gehitu behar zaizkio. Hain zuzen ere, eskaintza horretan sartzen da Helleu deituriko funtsa.

Museoak, baina, eremu murritza duela-eta, bilduma «aberats» horren %15 baizik ez zaio gaur egun publikoari erakusten. «Isolamendu obrek lehenengo solairua ixtera behartu gaituzte, alde batetik, eta, gaur egungo eraikinak ez du Museoaren bilduma azaltzeko aukerarik ematen», azaldu zuen Jean-Renee Etxegaray Baionako kultur zinegotziak.

Berriki eskuraturiko Howard-Jhonsonen jarauntsiak ahalbidetu du egitasmo berria, hain zuzen. Bonnat museoak «Frantziako museoen» labela eskuratua duenez, Kultur Ministerio frantsesak, azken bi urteotan egin dituen hiru azterketetan, XIX. mendearen bukaeran eraikitako museoak bilakaera izatea eskatu zuela argitu zuen zinegotziak.

2014ko ekaina

«Label horrek bildumaren egiaztatze lana egitera behartzen gaitu, eta, 2014ko ekaina bitartean talde teknikoa horretan arituko da buru-belarri», gehitu zuen Etchegarayek.

Horrekin batera, «2011-2013, eskualdean Museoak» deituriko plangintzan barnatua izan dela-eta, etorkizunari begira, erakustokiaren berrantolatzeari eta handitzeari buruzko hausnarketa zehatz bat ere bideratu behar du. Lan hori egin ondoren abiatuko dituzte lanak. «Obrei esker, erakustokiak biltzen dituen Leon Bonnat, Antonin Personnaz, Jacques Petithory eta Helleuren kolekzio bereziak erakusteko aukera izanen duela espero dugu», nabarmendu zuen berriz.

Museoa handitu eta eraikin berrian aldi baterako erakusketak azaltzeko gela bat, marrazki kabinete bat, eskoletako haurrentzako tailerren gune bat, auditorium berria, eta, egokituriko erreserba gune eta bulegoak jarri nahi lituzkete.

Baionako Herriko Etxeak itxiera hori ezinbestekotzat eman zuen, beraz, Bonnat museoaren etorkizuna sendotzeko.

«Axolagabekeria»

Aitzitik, Udalean Alderdi Sozialista eta Front de Gauche alderdi kideak biltzen dituen Bayonne Ensemble oposizioak gertakaria salatu zuen berriki izandako herri batzarrean. Collette Capdevielle zinegotziaren ahotik, Herriko Etxearen «axolagabekeriaren ondorioz Bonnat museoa andeatuz» joan zela azpimarratu zuten.

«Herriko Etxeak itsuaren politika eraman du museo horrekin, eraikina gutxika-gutxika andeatzera eramanez. Espero dugu ez dela Euskal Museoarekin gertatu bezala, Bonnat museoa hamar urtez itxirik ikusiko», goraipatu zuen zinegotziak. Izan ere, erakustokiaren teilatuan isolamendu lanak eginak izan ez zirelako berriki ur sartzeak izan dira bertan.

MARGOLARIAK

Bonnat erakustokiaren bilduma nagusiki XIX. mendeko frantses artisten obrez osatua dago. Horien artean garai horretako artista esanguratsuen lanak dira: Degas, David, Gericault eta Ingres. Azken artista horren «La Baigneuse» obra ospetsua Baionan dago.

EPE LABURRA

Frantses Estatua %20eko diru laguntza eskaintzekotan da museoa berritzeko, baina, dirutza hori lortu ahal izateko, 2013rako erakustoki berriaren egitasmoa gauzatua izan beharko du.

Marrazkien kabinetea eta dokumentuen gunea, ikerlari eta ikasleei irekia

Bonnat museoak ateak itxi arren, ikasle eta ikerlariek ikerketak egiten jarraitzen ahalko dute bertan. Horretarako, erakustokiak daukan marrazkien kabinetea eta dokumentazio gunea zabalik izanen dira. Horretaz gain, museoak urratsez urrats duen bilakaera herritarrei jakinarazi nahian Baionako Udalak, hiru urte horietan, Internet gune berezi bat irekiko du. «Herritarrei zuzenduriko komunikazio lan bat eginen dugu, eta Internet gune berria hilabete batzuk barru zabalduko dugu», argitu zuen Herriko Etxeak. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo