GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Lehorreko hipokrisia itsasoan

Erreskate-lanetan hasi dira, berriro ere, indarrean den sistemaren sorosleak. Kontinuitatea, esango lukete epaile askok. Bai, Iberiako zati-alde bat erreskatatzeko lanetan hasi. Periferiako beste lurralde bat. Itsas kosta duten periferiako herrialdeak direlako kosta ahala kosta erreskatatu behar ote? Hortaz, Boli Kostak ere izan badu kosta, baina hara ez doaz ofiziozko sorosleak; denbora faltan, seguruenik. Harira! Gaur indarrean diren krisien artean bada bat beste guztien iturburua dena: hipokrisia. Eta Mediterraneoan ageri da egunotan krudelen. Bai, orain arte erreskatatuak izan eta epe motzera erreskatatuak izango omen diren herrialde batzuen kostak bustitzen dituen Mediterraneo horretan. Lanpedusa inguruan. Bai horixe, gauzak espazioan kokatu beharra daukagu, geografia zer den ahaztu ez dakigun.

Berrehun eta berrogeita hamar bat lagun, denak kolpe batean desagertu, urak irentsiak edo. Inor ez zitzaien erreskatera joan; denbora faltan, segurutik. Edo, batek daki, gabarra gisako ontzi trakets hartan sakeleko telefonorik inork izan ez eta ezin sorosleen itxaropen-zenbakira deitu; zeinek jakin? Jainkoak berak ere baleki! Total, desagertu. Ez zituzten lagunok TBko kamarak atzean izan unerik une, jitoaldian multinazional baten izena babes hartu ez zutelako, seguru asko. Desagertu diren horien argazkiak ez dira agertuko aireportuetako posterretan; leku faltan, seguraski. Ama, ama! Zer pentsatuko du honezkero itsasoko urak? Ez nau harritzen batzuetan tsunami modura kostaratzeak. Halabeharrez, lehorreko hipokrisiak itsasoa bera hartuta dauka eta. Mediterraneoak duen onena kutsadura bera da.

Kolpea gero! Libia ondoan zen hori gertatu. Lagunen suak lagunak hiltzen dituen kostako herrialdetik gertuko uretan. Zein erraz erabiltzen dugun euskaraz lagun hitza! Tira, noiz eta urotan gerraontzi gehien diren unean gertatu. Non eta ontzi-trafiko gehien duen itsasbidean, petrolio-ontziak nagusi. Hantxe gertatu. Errua, seguru, gabarran ziren lagunona, gurutz-ontzi batean ez joatearren. Eta sorosleek balizko SOSik entzun ez. Burtsak goizean utzitako sosak kontatzen arituko ziren Basileako egoitzaren batean. Erreskatera joan balira ere, erreskatatu asko lehorrean itoko ziren handik gutxira, euren izerdian, segurik. Krisirik krisiena, hipokrisia, lehorrean bezala itsasoan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo