GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Serie-buru izateko aukerak baliatu nahian

BILBAO BASKET-CAI

Arnaitz GORRITI

Ligako azken txanpara maila onenean iritsi da Bizkaia Bilbao Basket; joan den larunbatean Bartzelonan luzapenean lorturiko garaipena da horren isla. Sailkapenean bosgarren dira Fotis Katsikarisenak, baina laugarren lekua -Caja Laboral Baskoniaren esku-, hots, serie-buru izan eta play offetako aurreneko kanporaketan kantxa faktorea alde izatea, eskura dauka; partida bakarrera, alegia. Hirugarren postua ere bi garaipenera dago.

Alabaina, bilbotarrak ez dira CAI Zaragozaz fio. Axel Hervellen iritziz, «Bartzelonan lorturiko balentria pikutara bidaliko genuke CAIri irabazi ezik. Gero play offetan ezer egiteko, etxeko partidak atera behar ditugu».

Fotis Katsikaris ere ez dago lasai. «CAIk helburuak bete ditu eta nekez egin dezake gorantz -13 garaipenekin, zortzigarren postua hiru garaipenera dauka-. Horrek esan nahi du lasai asko jokatuko duela, eta orduan maila ona ematea errazagoa da».

Entrenatzaile greziarrak Aragoikoen jaurtitzaileak zituen gogoan. «Erasoan talentu handia dute, jaurtitzaileek batik bat. Ligako portzentaje onena dute hirukoetan, alegia, %38,81, eta bertute horri esker, beren pibotek nahi beste leku dute eremuan. Gaizki behar dugu kontzentraturik ez bagaude», onartu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo