Urretabizkaia eta Meabe, Estatu espainoleko Kritika sarien jabe
Arantxa Urretabizkaiaren «3 Mariak» nobelak eta Miren Agur Meaberen «Bitsa eskuetan» poesia liburuak Estatu espainoleko Kritika sariak jaso dituzte, euskaraz argitaratutako narratiba eta poesia lan onenak izendatu baitituzte. Ricardo Piglia eta Jordi Punti dira saritutako beste bi.
GARA | BILBO
Estatu espainolean argitaratutako literatura lan onenak saritu zituen atzo Estatu espainoleko Kritikarien Elkarteak. Aipatutako sariak aurreko urtean zehar publikatutako lanentzako dira, eta urtero apirilean jakinarazten dituzte. Estatu espainoleko lau hizkuntza ofizialetan argitaratutakoak bereizten dituzte, bai narratiban bai poesian.
Euskaraz publikatutako narratiba eta poesia liburuei dagozkien sariak Arantxa Urretabizkaiarentzat eta Miren Agur Meaberentzat izan dira.
Narratiba atalean, Urretabizkaiaren «3 Mariak» saritu dute. Gaztetan lagunak ziren eta urte askoren ondotik berriro elkartuko diren hiru emakumeren istorioa da nobelaren abiapuntua. «Eleberri bikain eta biribila» da, Ainara Maiaren ustetan, Erein argitaletxearekin kaleratutako nobela, milurteko berriarekin batera laurogei urteko gazteek bizitza berri bati ekiteko eskubidea aldarrikatzen duten txikitako Txuri, Gorri eta Handiren bizipenak kontatzen dituena.
Bestalde, dirurik banatu ez baina Estatu espainolean ospe handienetakoa duten sari berrien artean, Miren Agur Meabe lekeitiarraren poesia dago. «Bitsa eskuetan» du izena iaz Susa argitaletxearekin publikatutako lanak.
«Emakume poeta bat da eta bere hitzak neure ere sentitu ditut», adierazi zuen Ainara Maiak lan honi buruz. Desioa, amodioa eta heriotza dira poesia liburuaren hiru gai nagusiak, eta egileak berak adierazitakoaren arabera, «galerei buruzko liburua» ere bada.
Aurten, gainera, urte oparoa izan da Meaberentzat, bere zenbait liburu kaleratuta ikusi baititu, tartean umeentzat idatzitako bat.
Bestalde, kritikari espainolen elkarteak katalanez, galegoz eta gazteleraz sortutako narratiba eta poesia lanak saritu ditu.
«Maletes perdudes»
Katalanez idatziriko narratiba lan onena Jordi Puntiren «Maletes perdudes» izendatu dute, eta poesian, Anna Monteroren «Terangines».
Galegoz publikatutako narratiban, Victor Freixanesen «Cabalo de Ouros» nobela saritu dute kritikariek eta Marga do Valen «Acidade sen roupa» poesia liburua.
«Blanco Nocturno» lana izan da garaile gaztelerazko narratiba atalean. Poesian, berriz, Juana de Castro kordobarrak jaso du saria «Cartas de enero» lanagatik.
Gazteleraz sortutako literatura lan onenak saritzeko sortu ziren kritikari espainolen izendapen hauek 1956. urtean, eta handik sei urtera katalanezko lanak saritzen hasi ziren. Euskaraz eta galegoz idatzitakoentzako sariak 1976an sortu ziren.