GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA | Arte komisarioa

Baikortasuna?


 

Aurreko asteazkenean Kultur Soinuak (http://kultur.soinuak.org) proiektuaren aurkezpenera joan nintzen. 71 kultura-ekoizleri egindako elkarrizketez gain, horien gainean gauzatutako txostenak aurkeztu zituzten. Mahaian Santiago Burutxaga diplomatiko mantentzen zen bitartean, Luis Eguiraunek «bizi ditugun garai berriek sortzen duten baikortasuna» nabarmentzen zuen temati. Nahiz eta Maria Ptqk-k sortzaileek aipatutako administrazioarekiko deskonexioa eta prekarietatea behin eta berriz gogorarazi, Eguiraunek jo eta su ekiten zion «bizi ditugun azken 30 urteetatik askatu eta geroko giro aldaketaren» kontuari.

Tristatzeko modukoa, zinez. EAJren administrazioak kulturari zegokionez posizio geldo eta anakronikoa zuen, mesfidantzan eta hauteskunde errendimenduan oinarritua. Sortzaileentzako laguntzetan, erraztasunak eman beharrean, susmagarritzat hartzen zituen bekatuak, mugimendu bakoitza kontrolatuz, edozein prozesu motelduz. Erabaki garrantzitsuak hartzerakoan kulturatik at bizi ziren pertsonaia politikoek zuten hitza. Arrazoi handiz kritikatua izan da sistema hau posizio ideologiko desberdinetatik.

Baina esanguratsua da epe motzez sistemak errotik aldatzeko aukera dutenean, kritikatzen zuten horiek berauek apetaz kokatutako jendea apetaz kokatuko jendearekin ordezkatu, sistemak mantendu eta propaganda eskuzabal bultzatzea. Gurean kulturak, beste arlo askok bezala, politikoen botere-nahia eta borroka txikiak ditu gaitz nagusi. Bere berezko balioa kontuan hartzen ez den arte, politikariek hauteskunde-pilota bezala erabiliko dute, ezjakintasunez kudeatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo