Atxiloketen ondoren, gidoi aurrefabrikatua
Guardia Zibilak Legorretan atxiloturiko Aitor eta Igor Esnaola anaien gainean akusazio larriak plazaratzen ari dira, aurrez fabrikatutakoa dirudien gidoiari jarraituz. Guardia Zibilak eta hainbat komunikabidek eskuz esku koordinaturiko operazioan, aldebakarreko eta intentzionalitate argia duen informazioa zabaltzen ari dira. Eta ez litzateke harritzekoa datozen egunotan, Bizkaiko azken atxilotuekin gertatu legez, inkomunikazioan tortura baliatuz lorturiko ustezko aitorpenak komunikabideon lehen titularretan ikustea. Eta are, aspertzeraino erabiliak izatea ezker abertzaleari, Sorturi edota Bilduri eskaera umiliagarriak, kondena orokorrak eta arrazoizkoak ez diren ezinezkoak eskatzeko. Zalaparta ugari eragin duen ustezko ETAko kideen eta jendarmeen arteko tiroketaren ondoren etorri da polizia operazio berria. Ez dirudi kasualitatearen kategorian kokatu daitezkeenik. Edonola ere, atxilotuak lehenbailehen eta urgentzia osoz epailearen aurrera eramatea premiazko eskaera da, inkomunikazioan hain ohikoak diren torturak eta tormentuak ekiditearren. Bestalde, Aitor eta Igor Esnaolaren izen ona eta osotasuna zaintzea komunikabideei eska dakiekeen minimoa da. Eta eskatzea libre, etorkizun hurbilari ere, eskaera: tiroketak legez, inkomunikazioa eta atxilotuen kontrako tortura sekula gehiago ez izatea. Iragana irakasgai izan dadila eta etorkizun berri hori, ardatz.