GARA > Idatzia > Mundua

Minskeko metroko erasoaren ustezko egileak atxilo hartu ditu Poliziak

Ez dute jakitera eman zenbat atxilotu dituzten, baina hainbat erretratu robot zabaldu dituzte zabalik segitzen duen polizia-operazioaren barruan. Hamabi hildako eragin dituen erasoa Gobernuaren aurkako konplot ekintza ote den dudan jarri du Lukashenko presidenteak.

p021_f01_199X104.jpg

GARA | MINSK

Herenegun Minskeko metroan erasoa egin zuten ustezko ekintzaileak atxilotu dituztela eman zuen jakitera atzo Andrei Shved Bielorrusiako fiskalorde nagusiak. Ez du argitu zenbat atzeman dituzten, ezta aurrez susmagarriak ziren ala ez; baina ez dirudi atxiloketak amaitutzat eman dituztenik, lekukoen laguntzaz osatutako ustezko erasotzaileen erretratu robotak zabaldu baitzituzten atzo arratsean. Segurtasun neurriak ere zorroztu egin dituzte Minskeko metro linea osoan, eta, aireportuetako eta errepideetako garraiobideetan kontrolak egin dituzte. Metroko zein inguruetako segurtasun kamerak ere behatzen ari direla jakinarazi du Shvedek -«errudunengana eramango gaituzten aztarnen bila»-.

Atzoko nora ez sentsazioa mendean hartuta, Oktiabraskaia metro geltokian jazotako leherketaren nondik norakoen berri eman du, era berean, Estatuko Segurtasun Komiteak (KGB). Ekintzaileek metroko pasabideetako eserlekuetako batean jarri zuten bost eta zazpi kilo arteko TNT lehergaia, eta urrutiko kontrolaz eztandarazi zuten. Horren ondorioz, eta Barne Ministerioak zabaldutako azken datuen arabera, hamabi lagun hil ziren, eta beste 204 lagun ospitalera eraman behar izan zituzten, horietako 26 oso larri.

Lukashenkoren akusazioak

Erasoa arbuiatu eta horretan hil edota zauritutako lagunei sostengua adierazteko, Bielorrusiako Gobernuak dolu egun ofiziala izendatu du gaurko. Atzo, Oktiabraskaia metro geltokira gerturatu zen Alexandr Lukashenko presidentea, eta mehatxu egin zien erasotzaileei: «Ez dut baztertzen `opari' hau kanpotik ekarri digutenik, baina etxe barrura begiratu behar dugu ezinbestean. Errudunak aurkitu egin behar ditugu». Hain justu, Gobernuaren aurkako konplotaren oihartzunak gero eta pisu handiagoa du ekintzaren zioen artean, eta horri erreferentzia egin nahi izan zion Bielorrusiako estatuburuak. «Gure herriaren egonkortasuna apurtzea komeni zaionari mozorroa kentzera deitzen dut», adierazi du.

Gobernuaren «balizko errepresaliez» babesteko badaezpadako neurri gisa, erasoarekin loturarik ez duela argitu zuen oposizioak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo