Lutxo Egiak ipuin liburu gozagarria osatu du desagertzearekin jostatuz
Jendeak gero eta gauza gehiago erakusten ditu Interneten; postmodernitatearen marka da ikusgarritasuna. Baina «Txakur ingelesak» liburuko protagonistak bertze muturrean daude: ez dute inor izan nahi.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Susak kaleratutako ipuin liburu berria, Lutxo Egiaren «Txakur ingelesak» gozagarria da aurrena. Irakurterraza da; badu zerbait berezia, deskolokatzeko modukoa, ordea. Harridura horrek uztera eraman beharrean segitzera kitzikatzen zaitu, «nola?» galdetuz eta egileak jarritako tranpa ederrak bilatuz. Hala deskribatu zuten lana atzoko ekitaldian Gorka Arrese editoreak eta gonbidatu gisa etorri zen Harkaitz Canok.
«Gustua da halako liburu bat aurkeztea», hasi zen Cano. Erran zuenez, narratzaile petoa da Egia eta batasun ikaragarria lortu du ipuin hagitz desberdinekin. Gai bat dute guztiek lokarri: ikusezintasuna eta desagertzea. Pertsonaiek «control Z» komandoa sakatu nahiko lukete; bi pasaporte eta nortasun bakarra izan, edo bi nortasun eta pasaporte bat. «Gaur egun, denok audientzien menpe gaude. Googlen gure izena idazten dugu eta gero lagun batena, sarrera gehiago zeinek dituen ikusteko. Izenburu edo hitz jokoren bat bururatzen bazaigu ere, Googlen neurtzen dugu bere originalitatea», ohartarazi zuen idazle lasartearrak. Horri buruz hausnartzen du Egiak, eta Photoshopen bezala efektu bat asmatzen du pertsonaiak eta paisaiak lausotu eta desagerrarazteko.
Hiri andana agertzen dira: Dublin, Lisboa, Bilbo, Bartzelona... Berehala sentituko da irakurlea horietan oinez. Halako batean, ordea, lehen ezaguna zen hiria arrotz bilakatuko zaio eta bertze nonbait sartuko da.
Errebeldia keinua
Liburuaren egilearen arabera, postmodernitatearen marka da bisualizazioa; ikusezintasunari eustea, aldiz, errebeldia keinua. Gogoeta horrekin lotuta, istorioak daude, umore puntukoak batzuk eta bitxikeria batetik sortuak denak. Lagun batek John Lenon hil zuen pistola Euskal Herrian diseinatua zela kontatu zion eta hor ikusi zuen ipuin baten abiapuntua. Azaldu zuenez, gozatzeko idatziak dira eta ez dira ohikoak. Lehenbiziko ipuina da klasikoena. Desagertze bat dago jada, hilketa bat. Hortik aitzinera, desagertzeko moduak lausotzen doaz, sofistikatzen, narrazioaren tonua bezala.