GARA > Idatzia > Kultura

San Telmo museoak ate guztiak irekiko ditu heldu den asteartean

Aste Santurako osorik bisitatzen ahalko da Donostiako San Telmo museo berritua. Apirilaren 19an irekiko ditu ate guztiak, tartean arte ederretako lanenak. Atzo aurkeztu zituzten bilduma honen edukiak, eta funtzio berri bat eman diotela nabarmendu zuten, funtzio didaktikoa. Bi aretotan daude banatuta arte ederretako obrak: batean Euskal Herriko obrak ageri dira, XIX. mendetik XX. era artekoak, eta bertzean munduko artearen 500 urteko historia bildu dute.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Laster, heldu den asteartetik aitzinera, ikusten ahalko dira San Telmo museoko txoko guztiak, tartean erakusketa iraunkorra eta honen barreneko arte ederren bilduma. Bertako edukien berri eman zuten atzo, eta, bertzeak bertze, aretoei funtzio berri bat eman nahi izan diotela jakinarazi zuten. Ibilbide pedagogikoa edo didaktikoa egiteko aukera emanen diete bisitariei.

Carmen Garmendia erakusketen arduradunak agertu zuenez, bi aretotan banatu dute ibilbide hau: batean Euskal artea ezagutu daiteke XIX. mendetik XX. mendera, eta bertzean ikuspegia zabaldu eta artearen historiaz ikas daiteke orokorrean, 500 urteko bidaia eginez, XV. mendeko margolanetatik hasi eta XIX. mendeko erromantizismo, errealismo eta inpresionismoraino. Azken garai honi egiten diote batez ere omenaldia.

Garmendiarekin batera izan ziren aurkezpen lanetan Odon Elorza alkatea eta Denis Itxaso Kultura eta Gazteria zinegotzia, eta arte ederretako bilduma orain arteko lanekin eta bertze 50 berrirekin osatu dutela azaldu zuten. Partikularren obrak, galerietakoak eta museoetakoak ekarri dituzte, Bilboko Arte Ederretakoak, Gasteizko Artiumekoak, baita Madrilgo Pradokoak eta Reina Sofiakoak ere.

Lehenbiziko aretoa, euskal artearen 100 urte biltzen dituena, XIX. mende amaierako lanekin hasten da. Garai hau azaltzeko, Jose Echenagusiaren eta Eduardo Zamacoisen lanak eskuratu dituzte.

Etapaz etapa, urtez urte, autore berriak gehitzen joan dira: Anselmo Guinea, Francisco Iturrino, Quintin de Torre, Julian Tellaeche, Nicolas Lekuona... Garmendiak nabarmendu zuenez, garrantzi berezia eman diote Ignacio Zuloagari, museo honekin duen loturarengatik, eta baita Gaur talde osoari ere: Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Jose Luis Zumeta...

Proposamen historizista

Bigarren aretoan, artearen historiaren bilakaera aztertzen dute modu didaktikoan. Ehun bat lan erakutsiko dituzte, tartean hainbat berri, El Prado museotik ekarriak. Andres Gines de Agirreren, Charles Joseph Fliparten eta Carlos de Haesen obrak izanen dira, adibidez, gozagarri.

Aurrena, Europako margolaritza gotikoan sartuko da bisitaria eta handik berpizkundera pasatuko da, Tintoretto, Navarrete el Mudo, Bassano eta Pantoja de la Cruz bezalako artistekin. Gero, barrokora eginen du bidea eta estilo honek hainbat eskolatan izan zuen eragina ezagutuko du Guido Reni, Luca Giordano, David Teniers, Jose Ribera eta bertze autore batzuekin. Neoklasizismotik igaro eta XIX. mendera ailegatuko da azkenik.

MODERNITATEA

Euskal arteari eskainitako aretoan, «Modernitatearen esnatzea» izeneko atalean, hainbat lan berri ikusten ahalko dira: Jose Echenagusiarenak, Eduardo Zamacoisenak eta Carlos Riberarenak, adibidez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo