IRRISTATZE KIROLAK
Euskal Herriko Downhill Txapelketa ederra Saran
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Pasa den asteburuan goitibeherek eta patineteek hartu zituzten Sara inguruko malda eta errepideak. Abiadurazaleentzako sekulako asteburua antolatu zuten Sarako Gazte Asanbladak eta Euskal Downhill Elkarteak, lehenengoz Euskal Herriko Downhill Txapelketa antolatuta.
Larunbatean, eguzkia lagun, goitibeheren txanda izan zen. Santinazio lepoa Sara ondoan dago eta bihurgune anitz ditu, jaitsiera ikusgarriak egiteko leku aproposa, beraz, Euskal Herriko txoko ugaritatik bertaratu ziren lehiakideentzat.
Igandean eguraldiak ez zuen lagundu, euriak errepidea busti baitzuen, baina horrek ez zuen eragotzi txapelketa egitea. Goiz osoan ibili ziren lehiakideak beroketak egiten: longskate (patin luze batean zutik jaistea), roller (oin bakoitzean patin banarekin eskiatzen bezala jaistea) eta buttboard (patinetean buruz gora etzanda jaistea).
Eguerdian tartetxo bat hartu zuten bazkaltzeko, eta ordu biak aldera txandaka jaisteari ekin zioten. Launaka abiatzen ziren lehiakideek bost itzuli egin zituzten eta epaimahaiak postu onenak lortu zituzten hamasei lehiakideak hautatu zituen.
Finalean, modalitate bakoitzeko lau kidek parte hartu zuten lau itzulitara. Lurra bustita zegoenez, zaila izan zen nahi adinako abiada hartzea eta are zailagoa bihurguneak labaindu gabe hartzea, baina lehiakideek abilezia aparta erakutsi zuten.