Ixabel Etxeberria Irakaslea
Esperantzari leihoa
Urtemuga horiek ez genituzke nahi, baina gogoratuko ditugu egia lortu arte. Pertur, Naparra, Popo eta Jon. Zer egin dute haiekin zigorrik jasan ez duten horiek? Hain eremu txikian lau desagerpen gertatzea ez da kasualitateaEgun zoragarriak ditugu udaberri honetan karrikan, hondartzan ibiltzeko; une goxoak itzuli zaizkigu eta jadanik turistak ditugu inguruan, hirugarren adineko jendea kostaldera hurbildu zaigu. Dena ondo dagoela, munduan dena ederki doala ematen du. Ipar Euskal Herriko kostaldeak paradisua dirudi; Frantziatik heldu zaizkigu baketsua eta baretua nahi luketen lurraldera.
Egun horiek baliatu ditugu Daniele Albizuri omenaldia egiteko. Urruñako lehen hautetsiaren testuen argitalpenaren karietara elkartu gara. Zer-nolako urte gogorrak jasan ditugun, zer-nolako oztopoak gainditu behar izan ditugun trufak erabiltzen zituztelarik abertzaleen proiektuen aitzinean; Daniele lehen lerroan zegoen, herriko kontseiluan, irainak ere entzuten. Emazte, buraso, irakasle, 30 urte horietan zer-nolako lana egin behar izan duen herritarrak konbentzitzeko, zenbat indar xahutu behar izan duen herri honi duintasuna itzultzeko, lehen ildoen jorratzeko. Gaur egun trufa gutxiago dute hautetsi handi horiek. Abertzaleen bozak preziatzen dituzte aulkien atxikitzeko. Ez dute haatik eskuzabaltasun gehiegirik aurrekontuak bozkatzeko unean. Oinarri berak dituzte dirua banatzeko uneetan.
Funtsa agertu da berriz frantziarra deitutako lurralde batean, Mayotte uhartean. Erreferendumaren ondotik bertakoek frantses departamenduaren antolaketa administratiboa hartzea erabaki zuten. Lurralde txiroan etorkizun hobea espero dute. Irakaskuntzarako, osasungintzarako hobekuntzak, eta zerbitzu sozialetan, familietan diru laguntzak espero dituzte. Izan ere, lurraldeak arazo handiak ditu, haur eta gazte asko kalean bizi dira. Paperik gabeko burasoak kanporatu eta, haurren bila itzultzean, askok bizitza galdu baitute itsasoan. Zinez egoera gogorrak daude. Izendatutako gobernadore berria heldu delarik, arazo zama horri erantzuteko beharretan, Parisen jarri dioten lehentasun nagusia izan da denek frantses hizkuntza ikasi behar dutela. Ipar Euskal Herrian XX. mendearen hastapenean jarri zuten lehentasuna. Politikoak aldatzen dira, baina Frantziako estatuko zutabeak ez! Badirudi hizkuntza horrekin batera arazo nagusiak baretzen, konpontzen direla!!! Ez dira aldatuko! Jarraikiak dira eta gu ere. Ez baititugu sinesten. Gure interesak guhaurk babestuz aitzina goaz. Daniele horretan eredu dugu, zintzotasuna, zuzentasuna izan baitira bere oinarriak. Presondegiratu zuten neska gazte bati babesa emateagatik. Ez zen horregatik kikildu, ematen eta ematen jarraitu zuen eritasun latz batek hunkitu arte. Gure eskerrak, gure maitasuna adierazi nahi izan diogu urte luzez egindako lanarengatik, bide latz eta eder honetan bultzada eman baitigu.
Latza baita bidea. Bi urte Jon Anza desagertu zela, horren arduradunak lasaiki bizi direla, justiziarik ez dagoela. Urtemuga horiek ez genituzke nahi, baina gogoratuko ditugu egia lortu arte. Pertur, Naparra, Popo eta Jon. Zer egin dute haiekin zigorrik jasan ez duten horiek? Giza eskubideak lelo bihurtu dira. Hain eremu txikian lau desagerpen gertatzea ez da kasualitatea, hautu politikoa baizik. Estatu krimena.
Kikiltzea nahi lukete! Aurtengo Aberri Egunean lortzen ez dutela ikusiko dute, argi berdea, tsunami berdea izanen da Baigorrin. Zailtasun guztien gainetik elkartuko baikara, indarberritzeko, herri honen kolore guztiak bilduz, esperantzari leihoa irekitzeko.