«Oso burugogorra naiz; horregatik dut gustuko eskalada»
30 urte ditu Arrasateko eskalatzaileak, eta Euskal Herriko kirol eskaladaren ordezkari indartsua dugu. Dagoeneko, 8c+ zailtasunera iritsi da, eta, bere burugogorkeria ikusirik, lasai asko esan dezakegu epe ertainean bere ibilbidean beste urrats bat emateko zorian dagoela. GARAri eskainitako elkarrizketan, Lasagabasterrek bere pasioaz, eskaladaz, hitz egin digu.
Andoni ARABAOLAZA I
Oso gazte hasi zen eskalatzen, eta 17 urterekin 8a bat sinatuta zuen. «Mono» goitizena du, «atzamar zein beso luzeak ditudalako». Eta nerabe garaietan ere neskek «Monisimo» deitzen zioten, «goapoa omen nintzelako». Araotz izan du «jolas-eremu» nagusia, han kateatu baititu bere ibilbideko marra garrantzitsuenak. Bere ezaugarriei dagokienez, zera dio: «Azkar eskalatzen dut, eta erresistentziarekin oso ondo moldatzen naiz. Bloke pixka bat gehiago behar dut».
Arrasateko «Power factory» ezaguneko partaide zara. Arrasaten eskaladarekin motibatzea erraza dela esan al daiteke? Kasu berezia delako diot, besteak beste, bai blokean bai kirol eskaladan mugimendu handia dagoelako herrian.
Bai, zalantzarik gabe. Josean Mulasek zuzentzen duen talde potente bat dago, eta gure artean oso giro ederra sortu da. Mendieta anaiez gain, bagaude zailtasunean indartsu gauden beste hiruzpalau lagun, eta elkarrekin entrenatu eta eskalatzen dugu. Beraz, motibatzea ez da batere zaila.
Mulasek zuzentzen duen talde horretako kide zara, berak entrenatzen zaitu eta lortzen ari zaren emaitzak bikainak izaten ari dira. Zer-nolako garrantzia du Mulasek horretan?
Mulas oso lan ona egiten ari da; batez ere gazteekin daraman norabidea txalotu nahiko nuke. Hemendik urte batzuetara lan horren emaitzak ikusiko ditugu, izan ere, uste dut oso indartsu azalduko direla bai lehiaketetan bai arrokan. Gainera, esan behar dut Joseanen lana ez dela soilik lehiaketetara mugatzen; arrokara begira ere badago. Bi alde horiek uztartzen ari da.
Horretaz gain, nagusiak ere entrenatzen ditu, eta ni talde horretan nago. Askoz ere samurragoa da Joseanen aginduetara egotea.
Azal dezakezu zein den zure entrenamendu plangintza?
Joseanekin dagoeneko hiruzpalau urte daramat, eta, gutxi gorabehera, hiru hilabete eta erdiko entrenamendu planifikatua egiten dut. Eta aitortu behar dut, inolako zalantzarik gabe, salto hori igarri dudala. Entrenamendu horren nondik norakoa bion artean antolatzen dugu.
Batez ere neguan entrenatzen dut. Lantegian hiru txandetan nagoenez, askoz ere erosoagoa da neguan entrenatzea. Lehen hilabetean bolumena egiten dut, gero indar-erresistentzia lantzen dut eta amaitzeko blokean zentratzen naiz. Ez da egundoko entrenamendua, baina sasoian jartzeko oso egokia da.
Helburu edo bide zehatz baterako entrenatzen duzu edo soilik zure sasoia indartzeko?
Eskalada denboraldia oso luzea denez, nire helburu nagusia urte osoa ondo jardutea da. Beste era batera esanda, entrenatzen dut gero eskaladan disfrutatzeko. Beraz, bide zehatz baterako ez dut entrenatzen.
Mulasek esan dit entrenamenduetan beti kexaka ari zarela. Baina, behin horretan zaudela, dena eman eta kristoren lana egiten duzula. Zer erantzungo zenioke?
(Kar, kar). Denek esaten didate pixka bat negartia naizela. Izaera kontua izango da!
Ez soilik Josean, baizik eta ezagutzen zaituztenak ere daukazun motibazioarekin eta sasoiarekin harrituta uzten dituzu. Zure lantegian lan fisiko gogorra egiten duzu; batzuetan, adibidez, lankide batekin 10 tona material mugitzera irits zaitezke. Baina gero bai entrenatzera bai eskalatzera topera joaten zara. Nondik ateratzen duzu estutzeko gogo edo motibazio hori?
Oso burugogorra naiz. Horregatik uste dut eskalada gustatzen zaidala; hots, neure buruaren aurka egiten dudan lehia da. Lanetik irten eta entrenatzen zein eskalatzen topera jardutea ez da batere erraza. Nahiz eta lanetik txikituta atera, neure helburua dena ematea da. Batzuetan zaila gertatzen zait egun on bat topatzea, izan ere, lanetik txikituta atera naiteke, eta, ondorioz, motibatzea zaila izaten da. Hala ere, beti saiatzen naiz dena ematen eta ahal dudana egiten dut. Burugogorra naizelako uste dut dudala motibazio hori.
«Honki Mix» bidearekin 8c+ zailtasunera iritsi zara. Arestian aipatu dugun zure errealitate hori kontuan hartuta, ze garrantzia ematen diozu zailtasun horretara heltzea?
Berez ez diot garrantzirik ematen. Jakina, zailtasun horretan egotea gustuko dut, beti saiatu naiz nire mailan beste urrats bat ematen. Eta nahiz eta lan fisiko gogorra izan, aipatu dut burugogorra naizela eta dena ematen saiatzen naizela. Eskaladak gauza askoz gehiago ditu, ez soilik zenbaki eta letrak. Nik, berez, bidaiatzeari, lagunekin egoteari... garrantzia ematen diot. 8c+ egin dudala? Bada, primeran, baina ez da eskaladan dudan helburu nagusia. Maila edo zailtasun bat besterik ez da. Jakina, lanetik irten, hiru hilabete eta erdi entrenatu eta emaitza onak erdiestea oso pozgarria da.
Galdera hori beste era batera egingo dizut. Uste al duzu denbora gehiagorekin eta askoz ere lasaiago egonda zailtasunean gora egin zenezakeela?
Bada, ez dakit zer erantzun. Agian ez nuke gradu hori egingo. Agian denbora gehiago edukita eskalada beste era batera hartuko nuke... Horrekin esan nahi dut ziur aski gehiago bidaiatu eta arrokan gehiago eskalatuko nukeela. Nork daki gradu gehiago egiteko gai ote naizen; hori jakitea zaila da. Hala ere, aitortu behar dut beste gauza bat izango litzatekeela. Egun lasaiak izango banitu, ziur aski askoz ere freskoago jardungo nuke. Hori bai, nire burua ez dut nik neuk loratuko; ez dago jakiterik gauzak nolakoak liratekeen.
Zure ibilbidea eta sasoia ikusita, epe ertainean 9a gradua helburutzat al duzu? Edo nahiago duzu egungo zure maila sendotzea?
Iaz «Tas-tas» (8c+/9a) probatu nuen, eta pausu guztiak atera nituen. Jakina, buruan dut. Orain «Na-nai» (8c+) probatzen ari naiz, eta gustuko dut. Bide hori kateatzen badut agian beste urrats bat ematen saiatuko naiz. Finean, etxe ondoko eskoletan eskalatzen dut, besteak beste, denbora gutxi dudalako. Eta, beraz, landutako bideetan zentratzen naiz. Motibatuta egon ahal izateko, jakina, nire gainetik dagoen bide gogor bat probatzea oso egokia da. Araotzen, adibidez, dena egina daukat. Eta Baltzolan, bai, hor erronka gogorrak ditut; ea ateratzen diren.
Aurreratu dugu «Honki Mix» izan dela 8c+ graduko zure lehen bidea. Arrazoi zehatzen bat izan al zenuen bide hori aukeratzeko?
Esan dudan bezala, Araotz etxetik gertu dut eta 8c guztiak kateatuta nituen. «Honki Tonky» eta «Magic Eye» poltsikoan nituenez, bi horien arteko lotura egitea, hots, «Honki Mix», falta zitzaidan. Oso bide ona da; 8c+ mitiko bat da eta gradua ondo jarrita du. Lotura hori kosta egin zitzaidan; finean, graduan beste urrats bat ematea zen. 8c-ak baino gogorragoa da. «Nai-nai», adibidez, ez zait hain gogorra iruditzen. Hori bai, oraindik ez dut kateatu. Eta nahiz eta pixka bat artifiziala izan, «Anuska» (8c/+) da egin dudan ederrenetarikoa. Bere estiloan oso ona da, 22 zinta ditu, luzea da...
Entrenamendu garaia amaituta, nola hasi duzu arroka denboraldia?
«Na-nai» probatzeaz gain, bistaz eskalatzen ari naiz pixka bat. Nahiz eta 8a+ graduan izan badudan, estilo horretan pixka bat hobetu nahi dut. Aste Santua gainean dugunez, «Na-nai»bidean gogor saiatuko naiz. Eta kateatzen baldin badut, beste urrats bat ematen saiatuko naiz.
Gustura edo presiorik gabe sentitzen al zara zailtasun horretan? Gradu horretan dabiltzan eskalatzaile batzuk bezala, babesle bila ibiltzen al zara?
Ez, inolaz ere ez. 8c+ gradutik gora egiteak ardura handia eskatzen dizu, eta nire lanarekin zaila dut. Gora egitea zaila da, baina berriro diotsut oso burugogorra naizela. Ez dut babeslerik nahi. Soldata bat dut, eta horrekin nire materiala erosten dut. Beraz, ez dut inolako presiorik. Babesleen bila dabiltzanak agian eskaladaren xarma galtzen ari dira.
Urtarrilean orrialdeotatik pasa zinen Hueco Tankera (AEB) eginiko bisitarengatik. Argi dut blokean ere indartsu zaudela. Nola uztartzen dituzu kirol eskalada eta blokea?
Nahiz eta blokean ere jarduten dudan, kirol eskalada da gehien gustatzen zaidana. Boulderra egiteko ez dut denbora asko, baina onartu behar dut Mendieta anaiekin, Joxe Luis Urkizu Beltza berarekin... irteerak egiten ditudala. Blokeko 8a eta zeharkaldiko 8b eginak ditut. Blokea jolas modura hartzen dut. Kirol eskaladak ematen didana ez dit blokeak ematen.
Aipatu dugu zure ibilbidean Mulasek garrantzia duela, baina ez dut ahaztu nahi zure neska lagunak, Leirek, duen meritua.
Halaxe da. Eskalatzen ez duen pertsona batek nire aisialdia jasatea meritu handiko gauza da. Ni eskalatzen eta Leire han denbora pasatzen... Pazientzia handia du; mila esker, Leire!