GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Tuning

SURFLARI ERNEGATUA I

Hawaiiko lehen surf taulek duten izena alaia da. Euskarazko izena dirudi, baina ez da. Hala ere, antzekotasun asko aurki ditzakegu hemengo «txanperoa» eta alaia baten artean.

Euskal Herrian surfak urte gutxian izan duen bilakaera surfaren historia orokorrarekin pareka daiteke, baina batez ere hastapenetan dira antzekoak.

Formari dagokionean, Hawaiiko egurrezko taula haien oso antzerakoak ziren hemen erabiltzen hasi ziren lehen taulak ere. Aurrez, olatuak taularik gabe hartzen ziren, txanpan, eta hortik dator izena, «txanperoa». Hawaiin bezala, gurean ere garrantzi handia zeukan norberaren txanperoa apaintzeak.

Txanperoa tuneatzen orduak igarotzen genituen. Iñigok goitik behera gorriz margotu zuen, ur geruza finean taula jaurti eta gainean irrist egiten zuen zutik, estilo bereziarekin. Jonek Etiopiako koloreak margotu zizkion txanperoaren gainaldeari, Haile Selassie eta reggae doinuak maite zituen garaian.

Alexek zulotxo bat egin zion aurrealdean eta txikota atxiki zion, sokaren muturrean teniseko eskumuturreko batekin. Ikerrek Realeko ikurra eta koloreak aukeratu zituen. Denok genuen, gainontzekoengatik bereizi bai, baina aldi berean komunitate bateko kide ginela erakusteko beharra. Eta horrela, gauza guztiekin; palak, pilotak, txibak, txirrinduak, baloiak, eta abar.

Gaur «inboluzio» hitza aipatzen da alaia taulen berpizteaz hitz egiten denean. Inboluzioak, geldialdi bat adierazten du, eboluzio prozesu batean ematen den atzera egitea. Beraz, orain artekoari «eboluzioa» deitzen zaio.

Egungo panorama ikusita, nik ez nuke esango garai haietara itzultzea atzera egitea denik. Dena jada tuneatuta datorkigun garai hauetan. Erroetara itzultzearen afera, horixe besterik ez da, beste marketin kanpaina bat, beste tuning saio bat.

Atzera edo aurrera, Sarrionandiak zioen moduan, bide batzuk amaiera arte egitea beharrezkoa da, alferrikakoak zirela ikusteko.

Txanperoak itzul daitezke, baina garai haiek pasa dira. Egun tuninga ez da bitartekoa, dena da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo