GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Heldu arazoari

Zalantza daukat aurrezki kutxetako agintzaileak, Hego Euskal Herrikoak behintzat, enpresetakoak baino biziagoak izanda emakumeen balioaz jabetuta onarturik duten edo erakunde horietan lana, familia eta norberarentzako denbora adiskidetzeko filosofia baliabide zehatz eta eskuragarrietan gauzatuta duten.

Izan ere, argitaratu berri diren Hego Euskal Herriko administrazio kontseiluen osaerari dagozkion datuei erreparatuta, batetik, gauza jakina egiaztatu dut, alegia, emakumeen presentzia goi-karguetan apenas iristen dela sinbolikoa izatera, gutxiaren gutxiaz, eta bestetik, deigarria egin zait postu horietan emakume gehien dituzten entitateak, eskandaluzko kopurutik urrun badaude ere, banketxeak izatea. Apur batean hausnartuta, baina, finantzak eta egungo kontsumo-gizarterako funtsezkoak diren halako diru-kontuak beste ezer baino gehiago babesten direla ohartuta, ulertu dut horien jagoleek nahiago izango dutela jende jantzia eta azkarra izatea euren erabakiak hartzeko aulkietan; jakin jakingo dutela, denok dakigun moduan, emakumeen edozertarako gaitasuna, prestakuntza eta egungo ezagutza gizonen parekoa dela, handiagoa ez bada -inor iraintzeko asmorik gabe-, gaiaren inguruko azterketa eta txostenek behin eta berriz aditzera ematen dutenaren arabera.

Hala izanik, ordea, emakumeen paperak enpresetan mugatuta segitzen du. Sartzen gara, gizonek oro har duten erraztasun beraz ez bada ere, lan egiten dugu, baina, haiek ez bezala, karguetan gora egiteko sabai ugari puskatu beharrean aurkitzen gara, dela bizitza pertsonalari uko eginda, dela gizonezkoen rolak geure egin behar izanda, dela gure ahalmena etengabe frogatzeko lana hartuta. Europako errealitate honi begirada bat botata, Europako Batzordeak diskriminazio positiboko beste neurri bat hartuko duela iragarri du, enpresetako egoera hori aldatu ezean, eta ondorioz, baliteke urtebeteren buruan kuota-sistema ezartzea.

Neurriak, nola ez, ohiko polemika sortu du aldekoen eta kontrakoen artean; benetako berdintasunerako bidean halako esku-hartzeak zilegi ez ezik nahitaezkoak ere badirelako iritzia batzuek -nik neuk, adibidez-, eta horrek gizonen diskriminazioa dakarrela eta, gainera, emakumeen balioa gaitzesten duela besteek, emakumeak postu mota horretara iristeko zergatiak zalantzan jarriko direla argudiatuta, kuota-sistemak ala euren balioak ahalbidetu dien duda beti atzean izango dutela mehatxatuta. Pentsamolde horren jabeei zera galdetuko nieke nik: administrazio kontseiluetan dauden gizon guztiak daude hor sekulako gaitasuna dutelako, sobera frogatu dutelako euren balio profesionala edo zuzentzeko eta harremanetarako trebezia?

Hortik aurrera -onartuta aurreiritziek eta baztertuta ikusteko beldurrak diskriminatzen segitzeko joera iraunarazten duela gizonengan- hel diezaiogun benetako arazoari, hots, lana eta bizitza pertsonala ezin adiskidetzeari, emakumeak gaituena, bereziki, «baino ez» ez esatearren, lotuta. Neurriak har daitezen exijitzeko Europako Batzordearen gainbegiratuaren zain egon behar ote dugun zalantza ere piztu zait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo