Bi urteren ostean, Anzari zer gertatu zitzaion jakin gabe jarraitzen dugu
Gaur betetzen dira bi urte Jon Anzak itzulerarik gabeko trena hartu zuenetik, Baionan. Geroztik milaka ahotsek eskatu dute donostiarrarekin zer gertatu zen jakitea. Anzaren gorpua «agertu» bazen ere, oraindik ez dakigu nola hil zen. Beraz, ez da ez alferrikako eskaera.
Arantxa MANTEROLA I
Dagoeneko 24 hilabete igaro dira Jon Anzak Tolosarako (Okzitania) bidea hartu zuenetik. Ez berak ez Baionako geltokira lagundu zuen bere neska-lagunak ez zuten buruan izango hura zela elkar ikusten zuten azken aldia. Hilabete eskas geroago, milaka euskal herritarren bihotzak astindu zituzten Anzaren senideek desagertzearen berri zirraragarria eman zutenean.
Egun batzuetarako kanpora joatekoa zena ez zen etxera itzuli eta ez zuten inolako berririk. Are, larritasun handiko gaixotasuna izaki, Bordeleko ospitalean zuen hitzordu garrantzitsua ere galdu egin zuen. Familiak egindako ikerketek ez zutenez argipenik ekarri, Baionako auzitegian «desagerpen kezkagarriaren» berri eman zuten senitartekoek.
Kasuaz arduratu zen Anne Kayanakis fiskala lehen ikerketak egiten ari zela, ETAren agiri batek Anza erakundearekin zuen hitzordura agertu ez zela iragarri zuen. Ez hori bakarrik; gobernu frantses eta espainola jo zituen militantearen desagertzearen erantzuletzat.
Adierazpen horiek lehen unetik aferak zuen kutsu politikoa areagotu egin zuten, eta, bide batez, bahiketaren aukera indartu zuten. Ezker abertzalearen eta amnistiaren aldeko mugimenduaren iritziz hori zen «hipotesi sinesgarriena»; Rubalcaba ministroak, berriz, Anzak zeraman diruarekin alde egin zuela adierazi zuen.
Hortik aitzina, dozenaka ekimen egin ziren Euskal Herri osoan: Anzak hartu zuen bidea ibili zuten herritar brigadek, gutun bidalketak egin zitzaizkion Barne ministro frantsesari, baraualdiak, salaketak, mobilizazioak kontaezinak izan ziren... Xedea ETAko militantea non zegoen jakitea zen.
Denborarekin, bahiketaren susmo txarrak gero eta ilunagoak bilakatu ziren, eta «gerra zikinaren» mamua berpiztu egin zen. Baionako fiskalak ezer ez zuela aurkitzen zioen eta terrorismoaren aurkako Pariseko polizia zerbitzuen aldetik isiltasuna zen nagusi.
Desagertzetik 11 hilabete igaro zirelarik, FR·3 telebista frantsesak Anzaren hilotza Tolosako Purpan ospitaleko tanatorioan «aurkitu» zutela iragarri zuen. Hurrengo egunean, oztopoak gaindituz, familiaren konfiantzazko sendagile batek gorpua Anzarena zela baieztatu zuen.
Azalpenen egarri ziren milaka euskal herritarrengan amorrua eta samina sortu zuen berriak. Autopsia egin zitzaiolarik, egia eskatzera eta familiari elkartasuna adieraztera Okzitaniako hiriraino joan ziren lagunen eta Poliziaren arteko tirabirak haserre horren isla izan ziren.
Hutsegite nabarmenak
Inolako azalpenik gabe itzuli ziren, ordea. Eta hori izan da gaur arte agintari politikoen eta ikerketaren arduradunen jarrera. Izan ere, denborarekin jakin diren datu apurrek sekulako hutsegiteak agerian utzi dituzte. Bertsio ofizialaren arabera, aldiz, heriotza arrazoi naturalengatik jazo zen eta bestelakorik susmatzeko aztarnarik ez omen dago.
Alta, Tolosako karrika batetik jaso zutenetik maiatzaren 11n hil zen arte donostiarra artatu zuen Purpan erietxeko arduradunek, Tolosako Poliziak, Galdutako Gauzen Bulegoak (Anzaren dokumentuak bertan entregatuak izan ziren), Baionako fiskalak, eta, jakina, Estatuko arduradun politikoek egindako hutsegiteak argitu gabe jarraitzen dute; hamaika aldiz eskatu zaizkie azalpenak, baina oraindik ere ez dute bakoitzak bere mailan izandako hutsune nabarien argibide sinesgarririk eskaini.
Eta badirudi gorpua azaldu zenetik ikerketa bere gain duen Myriam Viargues Tolosako epailea ere bide beretik doala. Urtea igaro da eta ez da gauza izan ezer argitzeko, batik bat militante abertzalea heriotzaraino eraman zuten inguruabarren inguruan.
Familiaren abokatuak berrikitan adierazi du ikerketa oso mantso doala, logikaz egin beharko liratekeen zenbait izapide ez direla burutu eta lortu dituzten azalpen urriak oso nahasiak direla.
Anzaren gorpuak Ipar Euskal Herriko hilerri batean hartu zuen atseden. Baina egia osoa jakin arte, argi da bere senideek, lagunek, burkideek eta milaka herritarrek ez dutela atsedenik hartuko.
Atzo goizean 250 lagun inguru bildu ziren Urruñan Jon Anzari gertatutakoa ez dutela «ez ahaztuko ez barkatuko» adierazteko. Bide batez, ekitaldi xume bezain sentikorra egin zuten Anzaren omenez Urruñako Herriko Etxearen aitzinean.
Naparra, Pertur eta Popo Larre desagertutako euskal militanteak ere gogoan izan zituzten, baita bi Estatuen «inplikazioa» ere. Anzaren aferan zehar lehendabizi Barne ministro eta gero Justiziakoa izandako Michele Alliot-Marieren «erantzukizuna» ere salatu zuten.
Jon Anza kolektiboko kide batek olerki hunkibera irakurri zuen, bildutako guztien aldarrikapen behinena -gertatukoaz egia osoa jakitearena, alegia- ederki asko bildu zuena: «Ez gara inoiz, inola, inon isilduko». A.M.