GARA > Idatzia > Kultura

«Gure negu hotzak» diskoa kaleratu du Izate musika talde lapurtarrak

Lau lagunez osaturiko Izate taldeak hamar urteko bidea egin du jada. 2006an lehen lana kaleratu ostean, 2011. urtera bitartean itxaron dute lapurtarrek bigarrena kaleratzeko. Bertan, hamabi abesti bildu dituzte.

Ainize BUTRON |

«Gure negu hotzak» izeneko bigarren diskoa kaleratu du Izate musika talde «rockero» lapurtarrak apirila hasiera honetan. 1999an Donibane Lohizuneko gaztetxean sortu zen taldea, eta 2006an «Diska» izeneko lehen lana kaleratu ondoren, 2011. urtera bitartean itxaron behar izan dute jarraitzaileek bigarren disko bat entzuteko.

«Hiru urtez aritu gara diskoaren konposaketa eta grabaketa lanetan. Bigarren lan honetan ere autoekoizpenaren eta musika librearen ildoa jarraitu du taldeak», nabarmendu dute taldekideek.

Hamabi kantu berriz osatua, «Gure negu hotzak» diskoak Odei Barroso bertsolariak, Xabi Biscay Sorotan Babies eta BKBO taldeetako kantariak eta Otalazt olerkariak idatzitako testuak biltzen ditu.

Horrez gain, Carmen Gisasola euskal presoak idatzitako olerki batean oinarrituriko abesti bat ere egin dute taldekideek. Ahots gozo zein bortitzen alde egin dute disko berrian, baina batik bat «hitzen gorputza» azpimarratu nahi izan dute taldekideek. Halere, «erritmika indartsu eta gitarra kementsuaren» presentzia ere nabarmendu dute.

Taldeak lana oso-osorik ekoitzi du eta hori ere azpimarratu nahi izan dute. «2006an kaleratu diskoarekin lortu esperientziari esker, bigarren lan honetan dena guhaurk egitea erabaki dugu. Diskoa gure estudioetan grabatu dugu», gehitu dute.

Lau kidez osaturiko Izate taldeak hamar urteko ibilbidea egin du jada. Donibane Lohizuneko gaztetxean bere lehen urratsak eman ondoren, bere musika Euskal Herri osora zabaltzea lortu dute lapurtarrek hainbat kontzertu eskainiz.

«Taldearen hasierak herriko gaztetxearen barnean kokatzen dira. Bertan elkartzen ginen kontzertuak ikusteko eta bertan sortu zen taldea osatzeko ideia bera ere», argitu dute lau taldekideek. Barnean zituzten kezkak musika bihurtzea izan dute hasiera-hasieratik xede taldekideek.

Kontzertuak

«Gure negu hotzak» diskoa berriki kaleratu ondoren, aurkezpen kontzertuak jadanik hasi dituzte. Lehena Donibane Lohizune-Ziburuko gaztetxean izan zen apirilaren hasieran. Atzo, berriz, Korrikaren amaiera ekitaldian izan ziren Donostian. Hain zuzen ere, Trinitate plazan jo zuten Gose, Esne Beltza eta Ze Esatek! taldeekin batera. Apirilaren 22an, berriz, Soraluzeko kultur maratoian izango dira, eta, apirilaren 29an, berriz, Ugaon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo