GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Euskonews Gaztea» gehigarri digitalak 200 zenbaki beteko ditu

«Euskonews» aldizkaria 1998. urteaz geroztik kaleratzen bada ere, 2007an gehigarri bat erantsi zitzaion bere eduki zabalari: «Euskonews Gaztea». Gazteei zuzendua eta gazteek egina, Euskal Herri osoko ikastetxe eta unibertsitateetako ikasleen elkarlanaren fruitua da.

p059_f02.jpg

GARA |

«Euskonews Gaztea» 1998az geroztik Eusko Ikaskuntzak kaleratzen duen «Euskonews» aldizkariaren gehigarri digitala da. Interneten den euskal astekari beteranoari 2007an gehitu zitzaion; beraz, iragan urtarrilean 4 urte bete zituen. Gainera, hemendik gutxira bere 200. zenbakia aterako du.

«Bere ezaugarri garrantzitsuena aldizkaria Euskal Herri osoko ikasle gazteekin jorratzen dugula da, eta ikastetxeetan bertan ekoizten dugula asteroko edukia», azaldu du Zuriñe Velez de Mendizabalek, gehigarriko koordinatzaileak.

«`Euskonews' aldizkariaren garapen etengabearen ondorioz, gehigarri bat izatea komenigarria zela ikusi genuen, betiere gazteei eskainitakoa». Eta gazte horiengana iristeko modurik onena beraien interesak identifikatzea denez, lantaldea horiekin osatzea erabaki zuten; 14 eta 17 urte bitarteko ikasleekin jorratu beharreko gaiak adostu eta irakasle baten laguntzarekin egiten dute lan. «Adostua dugun ikastetxera joaten naiz, eta edukiak maketatzen eta sarera igotzen irakasten diet. Modu horretan, gazte horiek, gaia aukeratu eta idazteaz gain, kazetaritza digitalaren oinarrizko kontzeptuak jasotzen dituzte», azaldu du koordinatzaileak.

Nukleo zentral horren inguruan badira bestelako ekarpenak ere, modu zuzenean gazteek bidaltzen dituztenak edota «Euskonews Gaztea» gehigarriko langileek erredakzioan sortzen dituztenak. «Ekarpen libreko gazteen artean denetarikoak ditugu: unibertsitatean ari direnak edo karrera amaitu ondoren euren proiektu eta ikuspuntuak azaldu nahi dituztenak».

Irakurleak irabazteaz gain, egungo gazteei aukera aparta eskaintzen zaie gehigarriaren bidez. «Gazteei erakutsi behar zaie badirela beraien intereseko gaiak jorratzeko bideak. Euren kezka, asmo, ideiak kanporatu eta ezagutarazi behar dituzte gazteek. Eta ez euren artean erabiltzeko bakarrik; garrantzitsua da euskaldun guztiok jakitea gazteek zer pentsatzen duten, guztiok jakitea gure gazteriak nondik jo nahi duen».

Lau urte hauetan 4.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte ekimenean, Euskal Herri osokoak. Ikastetxeei dagokionez, 40tik gora ari dira lanean. «Berdin digu nondik deitzen gaituzten; Euskal Herri osoko ikastetxeekin adosten ditugu edukiak. Bataz beste, hogei bat ikasle izaten da taldeko; beraiekin lan egitea oso eskerronekoa da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo