GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Eskuetan ditugu iraultzarako behar ditugun tresnak»

p017_f02.jpg

Oier AZKARRAGA I Gazte Mugimenduko kidea

Gizarte eredu askeago bat eraikitzeko bidean, gazte problematika sakon aztertu eta aldaketarako behar diren tresnak mahai gainean jartzeko unea dela uste du Oier Azkarragak. Euskal Herriaren eta gazte mugimenduaren txikitasunaren gorazarrea egin eta iraultza egiteko prestutasun osoa du gazteak.

Janire ARRONDO |

Euskal Herriko gazte mugimendua buru-belarri dabil ostiral honetan, apirilak 22, Soraluzen ospatuko duten Matxinsalto Eguna prestatzen. GARAk Oier Azkarraga arabarrarekin argitu ditu ekimen honen nondik norakoak.

Matxinsalto Eguna antolatu duzue apirilaren 22rako Soraluzen. Hasteko, zer dela eta izen hori?

Hitz joko bat egin nahi izan dugu, matxinatu eta saltorekin. Gazteok matxinatu gaitezen eta salto egin dezagun hemendik etorkizun hobeago batera, edo gure iritzia eta lana kontuan hartuak izango diren etorkizun batera.

Zein helbururekin antolatu duzue topaketa hau?

Uste dugu gazteriak badituela behar batzuk; aspaldidanik gazte mugimenduan hausnarketa bat irekita dago eta ikusten duguna da zailtasun eta beharrak ditugula gure ideiak aurrera eramateko. Hausnarketa on bat egiteko garaia heldu dela uste dugu eta horregatik 22an lehen pausoak emateko intentzioa daukagu.

Gazte problematikari aurre egiteko asmoz, hainbat tailer eta ekintza egingo dira. Nondik norakoak izango dira ekimen horiek?

Goizean zazpi tailer prestatu ditugu, zazpi eztabaidagune. Gaiak honakoak izango dira: harremanak eta sexualitatea, komunikazioa, kultura, hezkuntza, nekazaritza, sozio-ekonomia berri batean beharra eta zer nolako aisialdia behar dugun.

Beraz, arloz arlo azterketa sakona egingo duzue.

Bai, hala ere, gazte bakoitzak interes gehien duen tailerrean parte hartuko du, ondoren arratsaldean Soraluzen panelak jarriko dira gai guztien gainean nahi duen orok bere ekarpena egiteko.

Iraultzarako tresnak mahai gainean jarriko dituzue. Zeintzuk izan daitezke?

Soraluzen eta hortik aurrera landuko ditugun tresnak oso argi ditugu zein diren, eskuetan ditugu, baina ez ditugu erabili. Lehen tresna da koherente izatea pentsatzen dugunarekin, teorian oso ondo dakigun hori praktikara eramatea. Hori da lehenbiziko tresna. Beste bat da autogestio bitartez funtzionatzea; guk sortu behar ditugu guk erabiliko ditugun baliabideak. Auzolanarena ere oso tresna potentea da; indibidualismotik kanpo gelditu eta batu egin behar gara, gure helburuak guztion artean lortzeko. Azkena da txikitasunaren gorazarrea, onartzea txikiak garela baina hortik asko sor dezakegula. Zazpi txikik handi bat mugitzen dute; badakigu txikiak garela baina helburu handiak sor ditzakegu.

Iraultza horren kolektibotasuna azpimarratzen duzue.

Argi dago iraultza bakarka ez dugula egingo, batu egin behar gara eta horrek eramango gaitu behar dugun herri eredura. Uste dugu bakoitzak berea emanez, guztion artean lor dezakegula hori; banan-banan ez dugu lortuko.

Gazteek elkartzeko bultzada behar dutela uste duzue?

Badago halako behar bat. Orain urte eta erdi Zestoan topaketak egin genituenean ere behar hori azaleratu zen. Batu eta guztion artean zerbait egin beharra dago, Zestoan lehen pausoa eman eta oraingoan bigarren pausoa eman nahi dugu bide horretan.

Bizi eredu askatzaileetan sinetsi edo askatasunean amesten duzuen gazteak zarete, nolakoa da askatasunerako bidea?

Oso argi daukagu zein den askatasunerako bidea, pentsatzen dugun hori praktikara eramatean dago gakoa, koherentziaz jorratzen da bide hori. Gure buruan ditugun ideia txikiak praktikara eramanez.

Baina, zein dira ideia horiek eta nola eraman daitezke praktikara?

Praktikotasunera jotzeko ideia bat nekazaritzaren ideia bera izan daiteke. Nazkaturik gaude gizarte kontsumista honetan dena erosi eta saldu daitekeela ikusteaz, pertsonak ere bai; guk gure eskuekin sortu nahi ditugu baliabideak. Horregatik nekazaritza horren oso adibide polita izan daiteke, nekazari gazteok sor ditzakegu gure baliabideak.

Goizean hausnarketarako tartea hartu ostean, zein izango da arratsalde-gauerako egitaraua?

Hainbat txoko antolatuko ditugu herrian. Adibidez, Salto Ausardiaz deitu dugunean dantza afrikarrak eta zanpantzarrak egongo dira, ez ikusteko, praktikatu eta ikasteko baizik. Salto Erritmoaz gunea hip-hoparen txokoa izango da; Salto Sormenaz guneak kontzertu didaktiko berezia eskainiko du, eta Salto Zentzumenetara gunean didgeridoo -instrumentu australiarra- emanaldia, kontzertu lasaiak edo txalaparta emanaldiak egongo dira. Bereziki aipatu nahi dut Salto Irudimenaz gunea, bideo eta irudi sorkuntza erakusleihoa izango da eta jendeak erakutsi nahi izatea behar dugu horretarako.

Eta topaketa egun honen ondoren, zer etorriko da? Zein izango da hurrengo egitekoa?

Hurrengo pausoa hurrengo egunean bertan emango dugu. Hausnarturikoa praktikara eraman beharko da, zutabe batzuk jarri eta lanean jarri behar dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo