GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Maila goreneko aizkolariak hasi dira agintea erakusten

Senosiain II.ak, Mugertza II.ak, Saralegik eta Mujikak lortu dute hurrengo faserako txartela.

p041_f01.jpg

Jon LEUNDA I

Senosiain II.ak, Mugertza II.ak, Saralegik eta Mujikak egin dute aurrera Urrezko Aizkorako kanporaketetan, asteburuan jokatu diren bi saioetako onenak izan baitira, Mañarian eta Orozkon izandako norgehiagoketan.

Bi saioetan lan bera izan dute. Zortzi aizkolari zirenez, bi multzotan banatu dira, lauko bitan, alegia. Lehen biek egiten zuten aurrera, eta finala gurutzatuta jokatzen zuten. Lehen saioak enbor bat moztera jokatu ziren, eta finalak bi moztera.

Herenegun Aitor Senosiainek eta Ugaitz Mugertzak lortu zituzten aurrera egiteko txartelak. Nafarrak finalean Erasun izan zuen, eta berak bi enbor 4 minutu eta 24 segundotan bota zituen, eta Erasunek 5 minutu eta 44 segundotan.

Beste finalean, Ugaitz Mugertzak Julen Kañamares izan zuen aurrez aurre, eta beretzat izan zen garaipena. Bi enborrak 4 minutu eta 28 segundotan ebaki zituen, eta 5 minutu eta segundo batean, berriz, Kañamaresek.

Atzoko irabazleak Mujika eta Ruben Saralegi izan ziren. Enborrak herenegungoak baino gozoagoak ziren, eta hori amaierako denboretan ere nabaritu zen.

Lehen finalean Ruben Saralegik mendean hartu zuen Felix Etxeberria. Bi enborrak 2 minutu eta 29 segundotan bota zituen, eta 3 minutu eta 3 segundo behar izan zituen, berriz, Etxeberriak. Beste finalean Mugertza I.a eta Mujika neurtu ziren, eta azken honek lortu zuen garaipena. Amaierako bi enborrak 2 minutu eta 50 segundotan amaitu zituen, eta mutrikuarrak, berriz, 3 minutu eta 43 segundo behar izan zituen.

19 urtez azpikoetan lehen kanporaketa jokatu da. Garaipena Vicente II.ak lortu zuen Kortxeroren eta Larrea III.aren aurretik. Azken hori lehiaketatik at geratuko da, lehen fasean azkena kanpoan geratzen baita.

15 urtez azpikoetan, berriz, ligaxka moduan jokatzen ari da txapelketa, eta ezustea izan zen, Etxeberria II.ak, Felix Etxeberriaren semeak, irabazi baitzuen; Zabaleta mendean hartuz, gainera. Sunbillakoa lehen aldiz aritu zen plazan ofizialki, eta oso itxura ona eman zuen. Garaipena ez zen kasualitatea izan. Azkena, berriz, Larrea III.a izan zen. Azken horrentzat ez da astebururik onena izan, bi mailetan azkena izan baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo