GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | Korrika 17

Euskara bihotzetik mingainera eramateko deia eginez agurtu da Korrika

Amaitu da jada euskararen aldeko festa erraldoia. 17. Korrika atzo iritsi zen helmugara Donostian, milaka eta milaka «euskalakari» alboan zituela. Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano aurkezleek irakurri zuten 11 egun lehenago lekukoan sartutako mezu sekretua. Biek ala biek ezin izan zieten malkoei eutsi.

p002_f03.jpg

Oihane LARRETXEA - Maider IANTZI I

Bukatu berri den Korrikaren edizio honetan sortu da «euskalakari» hitza eta, hain zuzen, haiei eskaini zioten Ilaski Serrano (Bermeo, 1976) eta Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) aurkezleek 11 egun lehenago Edurne Brouardek Trebiñun lekukoan sartu zuen mezu sekretua. Ohi bezala, azken kilometroa AEK-ko Artekaritzak eraman zuen idatziaren autoreekin batera. «Mihiluze» saioko kazetariak pozarren ziren, Boulevardean milaka pertsonen artean osatu zen korridorearen artean lekukoa harrotasunez erakusten, malko artean lekukoa airean irmo eusten zutela.

Misterioa beraz 2.507. kilometroan deskubritu zen. Puntu horretan, Euskal Herrian zehar apirilaren 7tik geroztik lekukoak milaka esku ezagutu ostean, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeko (AEK) kideek aurkezleei luzatu zieten lekukoa, alboetan une hori harrapatzeko prest ehunka argazki kamera pilatzen zirela. Flashen zaparrada txaloen euri jarioarekin lehiatu zen, denek harrapatu nahi zuten hainbeste denboraz ondo baino hobeto gordetako sekretua. Ikusmira horren artean, Ilaskik negar eta irri baino ezin izan zuen egin. Bere zoriontasun aurpegiak, lekukoa eramatean irudikatzen denak, ez zuen hitzen beharrik izan.

Aurretik egiteko zituzten metroak bete ostean, Donostiako udaletxeko albo batean jarritako oholtzara igo ziren. Mezu dinamiko eta gertukoa izan zen beraiena, izenen bidez nortasuna eta bizitza jarri baitzioten «euskalakaria» den horri. «Euskalakaria da, `Niri kostatzen zaidan asko baino nik nahi dut euskaraz hitxegin eta zu niri euskaraz!' esaten duen Jose», irakurri zuen Serranok. «Euskalakari Edurne eta Mohammed, Aste Nagusian elkar ezagututa, euren arteko maitasuna euskaraz gozatzea eta amodioa euskaraz egitea erabaki zutenetik», gaineratu zuen. Halaber, EGA titulua atera ezinik dabilen «euskalakaria» edota hizkuntzaren arauak prestatzeko hamaika ordu eskaintzen dituztenak ere aipatu zituzten. Finean, aurtengo leloa den «Maitatu, ikasi, ari...euskalakari!» oinarri hartuta, kultura, jatorri eta adin ezberdinetako pertsona oroz oroitu ziren. Haien ustez garrantzitsuena, euskaraz aritzea baita, gutxi jakinda ere.

«Euskalakaria definitzen saiatu gara, denok ezagutzen ditugulako eta gainera -zioen Amonarrizek-, `Mihiluze'n oso gertutik ezagutzen ditugu, kostata ere programara etortzen direnak euskaraz egitera».

Gordetzea zaila denean

«Aurretik dagoeneko urduri ginen oso, baina unean jendetza hura ikustean... konturatu naiz benetan duen dimentsioaz. Hainbeste jende euskararen alde... sekulako oparia izan da AEK-k eman diguna», zioen hunkituta Kike Amonarrizek mezua irakurri ostean. Gertatu berri zen horretaz konturatzeko denborarik gabe, zioen une hura gozatu eta bizitzeko aukera ezin ahaztuko dutela inoiz. «Baten batek esango zuen bezala, merezi zuen jaiotzea hau bizitzeko aukera izateko soilik», erantsi zuen.

Tolosarrak onartu zuen mezua idazteko eskaera egin ziotenean bitan galdetu behar izan zuela, ezin sinetsi gelditu zelako. Geroztik, ahoa mutu mantendu behar izan du, «benetan zaila» egin zaion ardura.

Ilaskiren sentimenduak antzekoak ziren. «Ezinezkoa emozioari eustea!», zioen pozez alai. «Boulevarda betetzen hasi denean, ordua hurbiltzen, hainbeste jende eta denak helburu berberagatik gainera... ezin dut ezer gehiago esan».

Atzokoa bermeotarrarentzat ez zen lehen aldia izan lekukoa eramaten zuela, txikitan dantza elkartearekin bere herrian hartu baitzuen, baina noski, azken kilometroak «ez du zerikusirik». «Ze gustura hartuko dudan garagardo bat gorputzeko dardara kentzeko!», esan zuen oraindik kirioak dantzan zituela.

Ia 10.000 pertsonen aurrean, Oskar Elizburu AEK-ko Gipuzkoako Artekaritzako kidea egiteko daukagun lanaz mintzatu zen, bide batez «euskalakari» oro zorionduz «euskaraz bizitzea erabaki duzuelako». Euskara geure bihotzetan gordetzen badugu, «bidearen erdia» eginda dagoela ohartarazi zuen. Beraz, hurrengo urratsa, euskara, bizitza ulertzeko dugun bide hori, bihotzetik mingainera eraman behar dugula, bere etorkizuna ziurtatu ahal izateko.

Nekeak neke, ohi legez antolatzaileek xanpainarekin topa egin zuten ekitaldiaren ostean. Kopa altxatuta, hitza hartu zuen Edurne Brouardek Korrika taldea osatzen duten kideen aurrean. Emozioak nagusi, hitzak soberan ziren. «Gora Korrika 18!» oihukatuta dena esanda zegoen.

Euskarak egunero behar ditu zuen ezpainak, zuen beroa, zuen hitzak. Baina nola ez dute indartuko halako bultzadek? Ez da mundu osoan hizkuntza baten aldeko halako ekitaldirik; hain handia, hain berezia, ehunka mila euskaltzale eskuz esku lotzen dituena lekuko batekin. Handitan suhiltzaile izan nahi duen eta hauen kamioien ondoan «ni-no, ni-no» kantari lekukoaren zain urduri eta pozez gainezka zegoen neskaren ezpainetan egon zen euskara. Txikia bezala, gogotsu zeuden inguruko guztiak ere «euskalakari» izateko eta apirilaren 7tik martxan zen jaian sartzeko. «Badator, badator!» eman zuen norbaitek abisua eta buru guztiak jiratu ziren. Txaloz eta animoz hartu zituzten musikaz eta AEKren banderaz jantzita zetozen lasterkariak, eta haiekin bat eginda, besoak nahi gabe bezala altxa zitzaizkien eta gorputza dantzan hasi, «Ika, ika, ika, korrika!» oihuen erritmora.

Jendetza zegoen bazter guztietan eta batzuetan korrika baino gehiago oinez egiten zuten aitzinera euskaltzaleek, laster egiteko lekurik ez baitzen. Baina aukera sortu bezain pronto zein gustura astintzen zituzten hankak, intentzio guztiarekin, arin, hegan sentituz ia, espaloietatik jendeak bultzatzen zituela.

Pausoz pauso Boulevardera ailegatzean, Oreka TX taldearen txalaparta doinuek eta mezuaren irakurketa ongi ikusteko lekua hartua zuten lagun ugarik ongietorri beroa egin zieten. Emozioa, urduritasuna, euforia sumatzen zen, eta ekitaldian leherketa gertatu zen.

Ondotik ere bestak berandu arte segitu zuen. Eta euskara puzgarri eta jokoetan gozatzen zebiltzan umeen ezpainetan egon zen; bazkaria alaitu zuten bertsoetan; Flashmob, Zesatek, Esne Beltza, Gose edo Izate taldeen musiketan; edo aitaren bizkar gainean Zpeiz Mukakirekin dantzan zebilen mutikoaren irribarrean. Inguruan borobil bat osatzen zuten zahar eta gazteek, «Mendian, lar artean, aurkitzen da loretxo bat» kantatuz eta artista lapurtarren ikuskizun bereziarekin disfrutatuz.

Euskalaketa

Boulevardean, Alderdi Ederren, Konstituzio eta Trinitate plazetan, Kaian... alde guztietan izan zen giro ederra. Baina guk bat nabarmendu nahi dugu hemen, euskararentzat berria delako: euskalaketa. Bakarrizketen txapelketa da euskalaketa, eta finala jokatu zuten atzo arratsaldean Antzoki Zaharrean. Lau «euskalakari» finalistak emakumeak ziren: Eneritz Artetxe, Jone Gorostarzu, Marta Lopez eta Ruth Guimera. Azken horrek irabazi zuen saria, baina puntuak hagitz parekoak izan ziren.

Lehenbizi, gai librean aritzeko aukera eman zieten laurei, eta artistek denetariko bakarrizketak osatu zituzten. Gorostarzu txikia izateak dakartzan arazoez aritu zen: kotxean kokotza bolante gainean gidatzea, minidragonkanera bidaltzea, parrandan buru gainean edari guztiak nahastea... Hala ere, txikia gauza bizkorra dela eta hauteskundeetara ere aurkezteko gai direla baieztatuz bukatu zuen. «Rubalcaba ere aldekoa dugu!».

Marta Lopez «Goazen lagunok, amets betean, dragoiaren bola bila batean...» kantari etorri zen, Son Goku marrazki bizidun arrakastatsuak oroitaraziz. Izan ere, Japonia izan zuen mintzagai, bereziki bertan existitzen omen den erabilitako kuleroen merkatu beltza.

Bigarren zatian ariketa zehatzagoa jarri zieten: «euskalakari» hitzaren inguruan solas egin behar zuten bost minutuz. Gorostarzu urte pila bat zahartuta azaldu zen, amatxi bat bezala espantuka: «Jesusen ama, hau da hau jendearen emana! Zer etorri zarete, korrika? Gure etxetik ere pasatu dira! Ze buila, hori festa! Ni korrika ez, kontutara etorri naiz», hasi zen.

«Iloba han ari zen ordenagailuan tiki-taka tiki-taka. Zer moduz, Itsaso?, galdetu nion. Eta berak: sin más. Beti erantzuten du gauza bera». Amonak, hala ere, ekinean jarraitu zuen jakin nahian eta Itsasok bakarrizketa prestatzen ari zela kontatu zion. Erran zion euskalaketari buruz zela, baina berak ez zuela jakinen zer den hori.

«Nola euskalaketa zer den ez dakidala?!», amonak asaldatuta. «Ez dakit egongo den nik adina lakari erabili duenik! Ez dakienarentzat, lakaria babarruna neurtzeko katxarroa da! Galdera bat dut, ordea: zer zerikusi du Korrikak euskal lakariarekin? Korrika hobeto egiten dela babarrunak janda? Korrika egin eta gero jatea hobeto!».

Hurrengo artista, Eneritz Artetxe, Heidi bailitzan sartu zen, soinekoarekin eta masail gorriekin saltoka eta ahots altu-altuz kantari, publikoari irri eginaraziz. Olentzeroren marrazki bati kantatzen zion: «Aittitte kontaidazu zergatik amatxok eta aitatxok erdaraz egiten duten eta niri euskaraz agindu... Euskalakari kari... Aittitte ni zulako euskalakari izango naz».

Kalajariko basamortuan

Ruth Guimerak, azkenik, bere auzoan, Bilboko San Inazion, «euskalakari» bezala bizitako esperientziaren berri eman zuen. Gosaltzen ari zela, «¿qué te pasa, hija?» galdetu zion amak, eta bera mutu. «Hija, ¿te ha dejado el novio? ¿Se te ha muerto el Tamagochi? Dime algo». «Ama, euskalakari naiz», bota zion alabak azkenean, eta geroxeago dutxatik aditu zuen aitari kontatzen: «Está más rara, dice que se quiere ir al desierto de Kalajari».

Etxetik atera eta ez zuen errazago izan Guimerak: «Si me hablas en castellano mejor, ¿e?», eskatzen zioten dendari batzuek modu onean. Bertzeak zakarragoak ziren: «A mí no me vengas con tonterías; lo que tenéis que hacer es condenar la violencia de una puta vez». Bazkaldu gabe gelditu zen «euskalakaria», eskatzen zuena ulertzen ez ziotelako eta azkenean non eta kutxazain automatikoan izan zuen euskaraz aritzeko aukera. Kontatu zuenez, emozioz eskuak dardarka zituela sakatu zituen botoiak: «Beste eragiketaren bat egin nahi duzu?». «Ez, beno, bai! Maite zaitut kutxazain. Egunen batean semerik izaten badut Kutxazain jarriko diot izena, eta neska bada Tabako Makina».

«Urik badago Kalajariko basamortuan. Normalizazioa iritsi da San Inaziora», adierazi zuen, TAOko makinarekin poteatzeko geratua zela-eta alde egin aitzinetik. «Euskalakari» eztanda handiaren ondotik, gure ezpainetako leherketa txikien txanda da orain, euskara bizi eta txinpartaduna sortzeko, baita Kalahariko basamortuan ere.

Korrikaren mezua
Euskalakariak gara munduan euskaraz bizi nahi dugulako eta mundua euskaraz bizi dugulako...

Euskalakaria da, «Niri kostatzen zaidan asko baino nik nahi dut euskaraz hitxegin eta zu niri euskaraz!» esaten duen José.

Euskalakariak dira sarean euskaraz ari diren marituenti eta feizbukari guztiak.

Euskalakari ditützü prefosta, eüskara arraesküratzen eta haurrekin eüskaraz mintzatzen diren Allande ta Maider.

Euskalakari Edurne eta Mohammed, Aste Nagusian elkar ezagututa, euren arteko maitasuna euskaraz gozatzea eta amodioa euskaraz egitea erabaki zutenetik.

Euskalakari dira arauak eta hiztegiak prestatzen orduak ematen dituzten euskaltzainak eta EGA titulua atera ezinik dabilen Mireia.

«Merkealdia» kartela jarri duen Koldo ere euskalakari.

Euskalakaria da bere denboraren zati bat Mintzakide egitasmoari eskaintzea deliberatu duen Eli.

Euskalakari izateko mila modu dago, baina euskararekiko eta gure herriarekiko maitasunak biltzen gaitu guztiok.

Eta ezin da euskalakari izan euskaraz egin barik, euskaraz berba egiten ahalegindu barik.

Euskalakariak gara, euskara maite dugunez euskaraz maitatzen dugun bakoitzean.

Euskalakari, bizitzari txinpartak atera nahi dizkiogulako eta horretarako euskara bizia eta txinpartaduna behar dugulako.

Lana euskaraz egiteko euskararen alde lanean ari garelako.

Euskalakariak gara euskaraz sortzen dugunean, euskara sortzen ari garela sentitzen dugulako.

Hizkuntza guretzat poza eta haserrea delako, barreak eta malkoak euskaraz sortzen zaizkigulako, euskara egunero-egunero, erabiltzen, hobetzen, eraikitzen eta zabaltzen dugun mundu bat delako.

Euskalakariak gara euskaldunok munduan leku bat behar dugula sinesten dugulako, koloreak eta aniztasuna maite ditugulako, Euskal Herri zahar honen iraganari etorkizuna bermatu nahi diogulako.

Euskalakari gara euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen dugulako.

Gu euskalakari, zuek euskalakari, denok euskalakari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo