Final del parejas de la LEPM
Aimarrek arriskatu egin behar izan du eta ongi irten zaio
Pilotaren arabera jokoa aldatu egiten zen. Urdinen pilotarekin Beginok asko sufritzen zuen, eta gorrienarekin bera zen atzean agintzen zuena.
Joxemari ETXENAGUSIA I Pilotari ohia
Final gogorra ikusi dugu. Partida erdialdera Begino oso larri zegoela ematen zuen, eta agian horregatik azken txanpan Aimarrek arriskatzea erabaki du. Bikotearen pisua berak hartu du eta dena ongi irten zaio. Asmatu egin du, eta konfiantza horrekin azken tantoak segidan egiteko gai izan dira. Baina esan bezala, neurketa erdira arte oso gogorra izan da. Berriz ere pilotaren arabera oso joko ezberdina ikusi dugu. Urdinek ateratzen zutena bote handiko pilota zen. Horrekin Xalak min handia egiten zuen eta Beginori sufritzea tokatzen zitzaion. Gorrien pilotarekin, berriz, Beginok agindu egiten zuen eta Aimar gehiago sartzen zen jokoan. Alde horretatik, aipatu egin behar da Aimar Olaizolak egindako partida borobila. Hasieran partida atzean kargatzen saiatu da, baina gero Beginoren beherakada ikusita eta bera ere gainetik pasatzen zutela kontuan izanda, tantoak aurrean amaitu behar izan ditu. Aukera izan duenetan asmatu egin du. Orokorrean, berriz, Binakako Txapelketa luzetxo egin dela esango nuke. Pilotariek bai eskuetatik eta bai lesio fisikoen ondorioz arazo dezente izan dituzte, txapelketako neurketak beti gogorragoak izaten direlako, eta lehiaketa apur bat motzagoa egitea komeni dela uste dut.