Felix Azurmendi Donostiako Elizbarrutiko apaiza
Egia hautsita baina ez etsita «Jesus. Hurbilketa historikoa» liburuaren harian
Orain urtebete artikulu bat idatzi nuen «Egia eskatzen dugu» izenburupean. Informazioaren jabe zen bakarren batek Jose Antonio Pagolaren «Jesus. Hurbilketa historikoa» liburuarekin zer ari zen gertatzen azaltzeko eskatzen nuen. Urtebete eta gero zer ikusiko eta, prentsan eta Interneten zabaldu denez, honako hau: «Vatikanok Pagola auzipetu», «Fedearen Doktrinarako Kongregazioak Uriarte Monsinorearen nihil obstat-a erretiratu dio Pagolaren Jesusi», «Erromako ekimenak... Espainiako Gotzainen Batzarreko alderdirik integristenaren nukleoak egindako presioetan du bere iturburua».
Nire lehen pentsamendua gertaera tamalgarri batek eragina da: Elizak «sekretura» jotzen du, gertaerak isilpean gordetzera eta ezkutatzera. Zer daki Donostiako Elizbarrutiak Pagolaren liburuarekin eta Pagola berarekin gertatzen ari denaz? Apaiz Batzordeari eta Artzipresteen Batzordeari behar bezala eta uneoro berri eman al zaie?
Argitaratu dena ikusirik, Joanen Ebanjelioa eskutan esan genezake «argiak ilunpetan egiten du argi baina ilunpeek ez zuten onartu» eta Jesusen Santa Teresarekin batera, berak ondo asko zekien zer zioen Inkisizioarekin izan zuen esperientziagatik, beste hau adieraz genezake: «Egia hautsita dago». Hala da bai, egia urratuta dago. Halere Santa Teresak eransten du: «Baina ez dago etsita».
Ez du etsia hartzen, badirelako egia jakin nahi eta bilatzen dutenak. Bakoitzaren koherentzia bera dago jokoan. Inor ez da «egiaren» jabe. Hurbiltzen saiatzen gara egiara askatasunez eta erantzukizunez jokatuz, zentzugabekeria ikaragarri honen nahaspilan itxuraz ageri denera baino sakonago iritsi nahirik.
Neurrigabekeria eskandalagarria da: milaka eta milaka irakurlek eta sinestedunek zalantzarik gabe aitortzen dute zer on egin dien liburu honek beren fedean, lan honi buruz galde egin zitzaien teologoek oniritzia eman zuten, egilearen gotzainak nihil obstat delakoa ezarri zion, ezagunak ditudan gotzain batzuek oso onetsi zuten liburua, Donostiako Elizbarrutiko apaiz askok egilearen aldeko adierazpena plazaratu zuten... Aldi berean, beste gotzain batzuek publikoki gaitzetsi zuten liburua, egilearekin mintzatu ere egin gabe, azkenean Erroman indar eginez federako Kongregazioak prozesu bat has dezan, ez dakit liburua ala egilea auzipetuz ala biak.
Zer dago neurrigabekeria honen azpian? Elizaren arazoekiko ez gara ez axolagabe ez sorgor. Gotzainek ez lukete lasai egon behar Elizan eta gure elkarteetan gertatzen ari den egiazko «zisma» honekiko. «Zisma» hauxe dugu, izan ere, batasunari eta gaur egun ebanjelizatzeko gure gaitasunari latz erasotzen ari zaiona. Gertaera hau ukatzea errealitateari begiak itxi nahi izatea da eta gure burua engainatzea. Batasunean hazi beharrean, zatiketa gizentzen da.
Uste dut eskubidea eta betebeharra dela askatasunez iritzia azaltzea jazotzen ari denaren larritasunaz. Jokoan daude gure fedea eta eliztar izatea. Horregatik noa gogoeta egitera zenbait gakori buruz, gertatzen ari dena hein batean argituko dutelakoan.
Aurren-aurrenik, sakoneko arazo gisa, jokoan dago Jesusi buruzko egia. Beraz, kontua ez da Pagolaren liburua. Liburu hau Elizan gertatzen ari denaren adierazgarri bat da. Historiako Jesusen eta fedeko Kristoren arazoa da, auzi zaharra eta berria. Nire aburuz, aurrez aurre daukaguna Elizaren historiako beste aldi batzuetan ere bizirik egon den tentazio bat da: Jainkoaren «duintasuna», Kristoren jainkotasuna, gorde eta salbatu beharraren beharrez, alde batera uzten edo menperatu egiten dugu Jesusen gizatasuna. Kristau fedearen muina eta ezaugarri berezi-berezia Jainkoa gizaki egitean dagoen bitartean, gizakunde harrigarri eta historikoan, alegia, «arrianismoa» leporatzen diete Jesusen gizatasun historiko horretantxe gizaki egin dela Jainkoa erakusten digutenei. Paulo VI.ak esan zuena ekarriz, «Kristoren gizatasun guztiz sakratuan aurkitzen da gure ona eta salbamena».
Aipatu liburuak egonezinik jartzen duen sektorearen arazo nagusi-nagusia zera izan daiteke: «Jesus honek» molestatu egiten dituela, ez dela ezkontzen beren interes «eklesiastikoekin». Jesusen bizitza historikoan gertatu zena berritzen dute azkenean: Jesus gurutzean josita aurkitzen da orain ere, baztertua eta «heterodoxiagatik» salatua. Hauxe da Jesusen gurutzea gaur egun ere.
Bigarrenik, jokoan dagoena ez da Pagolaren «liburua». Areago, bere hitz eta gogoeta daude jokoan, bere lana eta egilea bera. Pagola gogaikarri gertatzen da esaten duenagatik: dirudienez, Elizako sektore honek ezin du eraman haren hausnarketa burutsua, argia eta ulerterraza eta, batez ere, Ebanjeliotik eta Jesusengandik egina. Pagola isildu gabe ari da eta bere mezua alderik alde zabaltzen da prentsari eta sare sozialei esker, milaka eta milaka lagunek irakurtzen du pozarren. Hor dago koxka. Makina bat apaiz eta gotzainek bazter guztiak aspertzen ditugun bitartean Elizan eta Elizatik kanpo, Pagolak jendea adi jartzen du, Jesusi buruzko jakin-mina pizten du, kristau eta gizon-emakume helduak eta ez-mendekoak izaten laguntzen du. Halaber, bere ekarpena baliotsua gertatzen da kultura modernorako, izan ere, Jesus hau nobedade esanguratsu bezala hartzen du oraingo kulturak mende honetako gizon-emakumeen bizitzarako. Pagolak asmatu du Nazareteko Jesus gaurko gizartean eta kulturan itsasten.
Bada hirugarren alderdi bat ere jokoan dagoena: Jesusenganako gure fedea eta eliztar izatea J.A. Pagolarekin bat eginik bizi eta senti dugun pertsonak gara. Egia baldin bada Fedearen Doktrinarako Kongregazioak auzitan jarri dituela Pagolaren liburua eta, batzuek diotenez, Pagola bera, berarekin auzipetuta gaude milaka kristau: gizon eta emakume laikoak, apaizak, erlijioso eta erlijiosak, teologo asko eta gotzain batzuk. Auzipetuta dago baita ere Donostiako gure Elizbarrutiaren gehiengoa. Auzipetuta jo dezakete beren burua liburua erosi duten 80.000 lagunek, astero jarraitzen diotenek eta idazten duen liburu berri bakoitza irrikaz irakurtzen dutenek ere. Ez al da hau gehiegikeria eta burugabekeria hutsa?
Jokoan daude baita ere giza eskubideak: askatasuna errespetatzea, funtsean. Nork debeka dezake liburu bat saltzea eta pertsona bati entzutea? Erlijio-askatasuna, pentsamendu- eta adierazpen-askatasuna, zertan dira Elizan? Eska al daiteke askatasun erlijiosoa gizartean, Eliza barruan begirunerik ez bazaio? Nola galaraz dakioke gizarteari eta Elizari berari nahi duena irakurtzea?
Gertaera ilun honetan, orobat, Elizaren bekatua ageri da. Hasitako auzi-bidea gelditu ezean eta Pagolari sufriarazi dioten guztiagatik bere oneratzen ez bazaio, eliz sektore oso ugari batek, Gipuzkoan nagusi denak, Pagolarekin batera auzipetuta sentitu garenok, eskubidea izango dugu pentsatzeko hemen, azkenean, Elizaren bekatuarekin egin dugula topo. Iragarri zuen Jesusek: «Epaitu egingo zaituztete eta usteko dute on egiten ari direla».
Gai honek Eliz ereduaren arazoa ipintzen digu aurrez aurre. Elkarrekin ari ezin diren eklesiologiak bizi ditugu. Eklesiologia «ofiziala» atzera «neoexklusibista» egin da. Aniztasunari beldur handia zaio, fedearentzat eta Elizarentzat mehatxutzat jotzen delako. Hau bide itsua da, aterabiderik gabea. Beldurraren bidez ez dago ebanjelizatzerik. Balio duen irtenbide bakarra, nire ustez, elkarrizketarena da, inongo ikuskera eklesiologikok ez dezala bestea azpiratu, inongo ikuskera teologikok ez ditzala besteak menperatu. Orain ez dago elkarrizketarik. Beraz ba, gure elizetan berebiziko hutsunea dira batasuna eta elkarkidetza eta hori porrot handia da eta eragozpen larria, eragin nahi den ebanjelizatze berri horretarako. Eraman ezina eta inposaketa gailentzen dira, zentralismoa eta dogmatismoa. Horrek guztiak indibidualismo berri batera garamatza, «ahal duenak ahal duena» ikur hartzera. Luzera, tristura eta ezinera.
Amaitzera noa. Soilik nahi dut ez dezagula galdu sumintzeko gaitasuna eta ez dezagula utzi Eliza aldatzeko eginbeharra. Ez dakigula falta Jesusi begiratu eta bere hitza entzuteko otoitzaren arnasa, izan ere, izan liteke Jesusengan sinesten dugula esan arren, hura ez maitatzea. Zentzugabekeria iruditzen zait eta fanatismo era arraro bat esatea «Jesus. Hurbilketa historikoa» liburuan «ernatzen» eta «hezurmamitzen» den Jesus hori ez dela benetan Elizak sinesten duen Jesus, Kristo eta Jaun aitortua. Hainbeste laguni Jesusekin topo egiten, maitatzen eta harengan sinesten lagundu dien liburua eta egilea nahitaez egon behar dira Elizaren fedean. Espero dut zentzua nagusituko dela eta egia gailenduko.