Paris eta Londres gerra bete-betean sartu dira
Britainia Handiak eta Estatu frantsesak, Ameriketako Estatu Batuak bidelagun zituztela, Libiako herritarrak Gadafiren armadaren erasoetatik defendatu beharraren aitzakia erabili zuten Nazio Batuek herrialde horretan esku-hartzeari babesa eman ziezaion, baina denborak nabarmen utzi du mundu guztiak hasieratik jakin bazekiena. Parisek eta Londresek «errebelde« delakoen babesle eta aita ponteko papera jokatzea erabaki dutela, eta horiek boterea eskura dezaten egin beharreko ahalegin guztiak egingo dituztela.
Horren adibide, Europako bi estatu horiek -Italiak ere bai- iragarri dutela Bengasin egoitza duten taldeei laguntza emateko militarrak bidaliko dituztela Libiara bertara, nolabait, aholkatze lana egin dezaten. Gadafiren kontrako borroketan ez dutela parte hartuko adierazi zuten atzo bozeramaile frantziar zein britainiarrek, baina zaila egiten da sinestea.
Stop the War taldeak atzo ozen salatu zuen Mendebaldeko herrialde hauen azken helburua Libian gobernu aldaketa eragitea dela, eta «auzi humanitarioa» gatazkan sartzeko atea baino ez dela beraientzat. Horiek horrela, gerra betean murgiltzeko erabakia hartu dute Sarkozyren eta Cameronen exekutiboek, nahiz eta jakin beharko luketen, Irak eta Afganistaneko kasuak ikusita, gerran erraz sar daitekeela, baina oso zaila dela ateratzea.