GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Alderdi bakarra hauteskundeen aurrean eta gu

Adostasunaren izenean ideologia politikoa alboratua izan da aspaldi. Ezberdintasun bakarrak tangentzialak dira, azalekoak, baina ideologia talka barik. Eta talka hauxe da benetako aldaketa posible egiten duen bakarra

Hauteskundeetan zerbait hautatzen omen dugu edo horretan oinarritzen ei da «demokraziaren festa», baina ze hautapen modu da ia bere osotasunean aukera bat eta bakarra eskaintzen duena? Mendebaldeko demokrazia kapitalista guztietan bezala, hauteskundeak alderdi bakarraren erregimen diktatoriala finkatzeko eta sendotzeko tresna bihurtu dituzte sigla txandakatze hutsa bilatzen duten alderdiek. Gure eremua ez da oso diferentea. Politika guztiak helburu berberaz ezartzen ari dira, instituzio guztiak berberen mesedetan hartzen ari dira erabakiak. Eta, hala ere, ezberdintasunak badaude: gurean badakigu gauzak beste modu batean egin ahal direla, eta gainera, hori defendatzen dugunok ez gara gutxiengo erresiduala.

Demokrazia horiek ez dira kapitalistak soilik sistema ekonomikoagatik, baita sistema sozial eta kulturalagatik ere beren osotasunean. Politikari profesionalak marketin profesionalaren parametroetan mugitzen dira. Eta, era berean, botoa eman behar duten hautesleek parametro kontsumistaz funtzionatzen dute: kontsumo produktuek, ezberdintasun minimoen bitartez, aldaketa ilusioa sortzen duten bezala, alderdiek sasi-aldaketaren ilusioa saltzen dute, hauek ere gutxieneko ezberdintasunetan oinarriturik.

Adostasunaren izenean ideologia politikoa alboratua izan da aspaldi. Ezberdintasun bakarrak tangentzialak dira, azalekoak, baina ideologia talka barik. Eta talka hauxe da, hain zuzen, benetako aldaketa posible egiten duen bakarra. Hain baloratutako kontsentsuak berarekin amaitzeko bitarteko bihurtua da. Borroka honen faltan edozein txorakeria defendagarri bilakatzen da, hala nola «PP langileen alderdia» dela edo Aralarrek Nafarroan «ezkerreko politikak» egingo dituela noren eta PNVren eskutik. Botere politikoa daukaten alderdiek horixe bakarrik daukate: politikak ezartzeko boterea, hain zuzen. Baina benetako aldaketa erdiesteko botereaz gain, autoritatea ere behar da. Alderdi bakarrak ez dauka ezelango autoritaterik; agintekeria bai, baina ez herria proiektu konpartitu batera eramateko autoritaterik.

«Askatasuna» (askatasun pertsonala) promulgatzen dute balio goren moduan, baina horren atzean pertsonekiko indiferentzia hutsa ezkutatzen da. Hedabideetatik norbanako indibidualen kontsumo politikoa baino ez da lortzen, baina ez da herrien proiektu konpartiturik bultzatzen. Horixe ari da jendea erakusten politika horrekiko atxikimendu faltaz -eta, ondorioz, benetako politika zertan oinarritu behar den ezagupen falta ari gara denok pairatzen-. Herrietara herrietatik bertatik baino ez da heltzen. Izan dadila herrietako lan hori, beraz, gure termometro nagusietako bat.

Kontsumoa oso epe laburrekoa da, gero eta laburragoa; politikak, ostera, luzerako proiektuak izan behar ditu helburu. Ea hauteskunde hauek herritarrok konpartitutako luzarorako proiektu baterako lehen pausoa izatea lortzen dugun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo