GARA > Idatzia > Kultura

Ipar Korea eta Sobietar Batasuna ezagutzeko aukera Alondegiko erakusketa banatan

Ane ARRUTI | BILBO

Maiatzetik abuztura Bilboko Alondegiak eskainiko duen programazioa aurkeztu zuten atzo bertako arduradunek, eta, erakusketei dagokionean, Ipar Koreari eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunari (SESB) buruzkoak izango dira deigarrienak. Aurten Ondarroan ospatuko den Ibilaldiaren «Ibilarte» erakusketa ere izango da ikusgai maiatzaren 5etik 22ra bitartean.

«SESBen 50 urte Dimitri Baltermansen leiarraren bitartez (1939-1989)» erakusketa maiatzaren 11tik ekainaren 29ra izango da zabalik. Moskuko Argazkilaritzaren Etxetik iritsiko da argazki bilduma. Bigarren Mundu Gerran frontean bertan egindako argazki erreportajeak, lider sobietarrei eginiko erretratuak edo errusiar paisaiak ikusi ahal izango dira.

Astebete beranduago zabalduko da Ipar Koreari buruzko erakusketa, ekainaren 29ra arte. Bertan, 1953tik hona garatutako irudiak eta arte grafikoa bilduko dituzte. «Historiaren zama» deitu diote arduradunek, irudi bakoitzak ematen duen informazio historikoaren garrantzia dela-eta. Erakusketa bi hitzaldi eta zine korearrari buruzko ziklo batekin osatuko da.

Uztailean, Art Futura jaialdiaren atzera begirakoa egingo da, kulturak eta arte digitalak azken bi hamarkadetan izandako bilakaeraren errepasoa. Edwin van der Heidek zuzendutako laser eta soinu ikuskizun bat ere egingo da Alondegian. Bestalde, Improv Everywhere taldeak flash mob bat antolatuko du.

Almodovar

1980ko «Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón» lanetik hasi eta 2009ko «Los abrazos rotos» arte, Pedro Almodovar zinemagilearen 17 pelikula proiektatuko dituzte Alondegiko aretoetan uztailera bitartean. Bertako zuzendari den Marian Egañak atzo azaldu zuenez, ahalegin handia egin dute Almodovar Bilbora etor zedin, baina Cannesko jaialdian hautatua izaki, promozio birarekin egokitu zaio denboran.

Komikiak ere izango du bere tartea maiatzean; hilaren 12an, «12 ordu komikiarekin» topaketa egingo da. Clara Tanit Arquek eta Martin Romerok, aurreko bi edizioetako bekaren irabazleek, parte-hartzaileei hamabi ordutan istorio bat sortzen erakutsiko diete. Tailerrak eta hitzaldiak ere izango dira, eta, Autoeditatuak jardunaldietan, euren lan propioak argitaratzen dituzten autore eta kolektiboen lanak izango dira ikusgai.

Bestalde, Alondegian izango da maiatzaren 2an FANT jaialdiaren inaugurazio ekitaldia. 22.00etan Friedrich W. Murnauren «Fausto» proiektatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo