Zarauzko Argazki Bilerak bost bilduma plazaratu ditu aurten
Argazki Bilerak bost bilduma jarri ditu zarauztarren aurrean, 18. edizioan. Europako Legebiltzarra, «Bakartasunak», «Espazioa», «Argazki Saloiak» eta Gabrile Celaya dira motiboak, eta Photomuseumen bertan, edota Zazpi, Bidea, Torre Luzea eta San Enea galerietan daude ikusgai.Nerea GOTI | ZARAUTZ
Urtero bezala, Zarauzko Photomuseumek «argazkiz bete» du herria Aste Santuan. Horrela azaldu du Ramon Serras zentroko fundatzaileetako batek martxan jarritako ekimenaren helburuetako bat. Aurten 18 urte betetzen ditu Photomuseum bera baino zaharragoa den Zarauzko Argazki Bilerak, eta proposamen ezberdinak dakartza.
Photomuseumen bertan, Europako Legebiltzarra izango da protagonista ekainaren 5era arte. Europar Batasuneko estatu ezberdinetako hamar argazkilariren lanak erakutsiko ditu udal zentroak. Goethe institutuak bultzatutako proiektu baten barruan, zenbait argazkilariri «pertsonalki beraiengan arreta berezia sortarazi duten motibo, gai edo egoera zehatz batzuetan murgiltzeko aukera» eman zitzaien, eta egitasmo horren emaitza dira Zarautzen erakusgai dauden irudiak, mundu guztian zehar ibilitakoak.
Proposamen horrekin batera, Torre Luzean, Santiago Ayuso bizkaitarraren bilduma bat dago ikusgai ekainaren 5era arte. Zuri-beltzean 40 irudi inguru dira eta «Bakardadea» jorratzen dute. «Bakardadea itsasoan, edalontzi batean edota bodegoietan azaltzen du egileak», nabarmendu du Serrasek.
Zazpi galerian, berriz, «Espazioa» da gaia, eta sei argazkilari arabarrek jorratzen dute irudien bidez: Andres Basilio Sagarna, David Saez de Ibarra, Estibaliz Diaz de Espada, Laura Baroja, Jorge Arena eta Zigor Elorriaga. Kasu honetan, gaia eman zitzaien eta espazioaren adierazle ezberdinak aurkitu dituzte; besteak beste, arkitekturan edota etxeko tresnetan. Erakusketa maiatzaren 2ra arte izango da zabalik.
Bidea galerian, bestalde, «Argazki Saloiak» dira protagonista. Serrasek dioenez, saloiok garrantzi handia izan dute argazkilaritzaren bilakaeran. Zarautzen, 1960ko hamarkadan Iruñean ospatzen zen Salón Ibérico argazkilaritza lehiaketan saritutako irudiak daude ikusgai maiatzaren 8ra bitartean, Photomuseumen ondarearen zati bat baitira.
«Oso interesgarria da, garai horretan zer argazki mota egiten ziren edota zer-nolako kalitatea zuten aztertzeko aukera ematen duelako», uste du Serrasek. Bere iritziz, askotan «zaletuen gauza» dela pentsatzen bada ere, ekitaldi horietatik argazkilari profesional ugari sortu da, eta formazioan eta estiloan ikasteko aukera eman dute.
Bestalde, Gabriel Celaya poetaren jaiotzatik 100 urte betetzen diren honetan, Sanz Enean poetaren bizitzako argazkiak jarri dituzte ikusgai, bere omenez, Argazki Bileraren barruan. Hain zuzen ere, ekainaren 15era arte izango da zabalik erakusketa.