Fukushimako zentralera ez inguratzeko debekua formalizatu du Japoniak
GARA |TOKIO
Osasunaren bermerako eta inguruan bizi direnen segurtasuna zaintzeko neurria besterik ez omen da, baina Japoniako Gobernuak hartu duen azken erabakiak ezinegona areagotu besterik ez du egin Fukushimako zentral nuklearraren inguruan bizi direnen artean. Izan ere, hasiera batean badaezpadakoa zen neurria, hau da, zentraletik 20 kilometrora inguratzeko debekua, formalizatu egingo duela jakinarazi zuen atzo Yukio Edano Japoniako Gobernuko bozeramaileak, eta horrenbestez, euren etxeak uzteari uko egiten dioten herritarrak handik irtetera behartuko dituzte. Artean ez dute neurria indarrean jarri, baina Naoto Kan lehen ministroa inguru horretako agintariekin gaur egitekotan den bileraren ostean egingo dutela ziurtatu dute. Alabaina, ebakuatutako zona horren barnean sartzen direnak oso gutxi direla baieztatu du Edanok, eta ez dutela aparteko arazorik izango erabaki berria betearazteko.
Alta, bizirik daudenengatik bakarrik ez, pasa den martxoaren 11ko lurrikararen eta horren osteko tsunamian hildako eta desagertutakoekin ere arduratuta daudela ziurtatu du Gobernuko ordezkariak. Hain zuzen, jakitera eman dituzten azken datu ofizialen arabera, 14.013 lagun hil eta beste 13.804 lagun oraindik desagertuta daude hondamendiaren ostean. Azken horien bila dihardute, batik bat, azken asteetan, lurrikarak gehien kaltetutako probintzietan, Miyagin, Iwaten eta Fukushiman operazio bereziak sustatuz.
Poliziaren Nazio Agentziak azpimarratu duenez, ostera, hildakoen %90 tsunamiaren olatu erraldoietan itota hil ziren, eta horien %65ek baino gehiagok 60 urtetik gora zituzten.
Lanak aurrera doaz
Apurka-apurka, Fukushima zentraleko lanak hobetzen doazelako zantzuak erakusten ditu Tepco zentrala kudeatzen duen enpresak. Atzo aditzera eman zutenez, zentraleko hainbat zonalde gainezka dituen uraren erradioaktibitate mailak behera egin du xumeki, eta hori albiste pozgarria dela azpimarratu dute. Uneotan bigarren erreaktorean pilatzen den ura punpatzen ari dira kanpoko tanke batzuetara; mantso doaz lanak, ordea, orduko hamar tona ateratzea besterik ez baitute lortu oraingoz.
Alta, tankeetan metatzen ari diren ur horrekin zer egin, hori da orain galdera nagusia. Areva SA konpainia frantsesak atzo argitu zuenez, ur erradioaktiboari kutsadura kentzeko sistema instalatuko dute epe laburrean zentralaren inguruetan, koprezipitazio metodoaren bidez, elementu kimikoekin partikula erradioaktiboak uxatzeko. Orduko 50 tona ur garbitzeko gaitasuna omen du, eta pilatzen direnak dozenaka mila tona direla kontuan hartuta, lanak udara arte iraungo dutela iragarri dute.