Mugitu! Mugimenduak desobedientziarekin erantzungo dio errepresioari
Astelehenean eta asteartean, AHTren aurkako Mugitu! Mugimenduak pintadak egin zituen Euskal Herrian zehar. Orain, maiatzaren 11ra bitartean luzatuko den autoinkulpazio kanpaina bat jarri du martxan.
GARA | IRUÑEA
Astelehenean eta asteartean, Euskal Herriko hainbat errepidetan AHTren aurkako pintadak egin zituen Mugitu! Mugimenduak. Orain, berriz, maiatzaren 11ra bitartean luzatuko den autoinkulpazio kanpaina bat abiatu du. Kanpainarekin bat egiten dutenek autoinkulpazio orri bat beteko dute, eta, ostean, maiatzaren 11n, Iruñeko Auzitegi Probintzialean aurkeztuko dituzte bildutako autoinkulpazio guztiak.
Azken egunotako ekintzak egitearen arrazoietako bat, «AHTren aurkako mugimenduaren kriminalizazioa» salatzea izan da, «abiadura handiko trenaren egitasmoa inposatzea helburu duen kriminalizazioa». Mugitu! Mugimenduak, AHTren bultzatzaileek ez dutela benetako informazioa zabaltzen salatu du, «gezurretan oinarritutako propaganda baizik».
Bestalde, proiektuaren inguruko inolako eztabaida publikorik abiarazi ez dutela eta jendearen parte hartzea galarazi dutela nabarmendu dute. «Gainera, herri kontsultak egitea lortu denean, ez dute jendearen erabakia aintzat hartu», salatu dute.
AHTren kontrakoek beren argudioak azaldu dituztenean, «mespretxuari, zentsurari eta kriminalizazioari» aurre egin behar izan diotela salatu dute. Bilboko tranbiako eta Zizurko pintadak direla-eta irekitako auzibideak ere aipatu dituzte. Bi kasuetan, fiskaltzak hasiera batean AHTren aurkako ekintzaileentzat kartzela zigorrak eskatu zituela gogoratu dute; «eragindako kalte material txikiak kontuan izanik, eskaerak guztiz neurrigabeak izan dira». Arazoak arazo, Mugitu! Mugimendua ez dela «kikilduko» aurreratu dute, eta, hala, desobedientziari eutsiko diotela aurreratu dute: «Hamaika arrazoi ditugu proiektu txikitzaile eta antisozial honen aurka borrokatzeko».
Baimenik gabe lanean
RFF enpresarentzat lanean zebilen pertsona bat atxiki zuten atzo pare bat orduz Urruñako Mendi Xoko auzoan. Azken egunotan ezezagun bat beren lurretan azterketak egiten ari zela konturatu ziren bertako etxalde bateko jabeak. Etxaldea AHTren burdinbide berriaren balizko ibilbidean dagoenez, behaketek proiektuarekin lotura zutela pentsatu zuten. Atzo, AHTren aurkako 80 lagunek ezezaguna atxiki eta susmoa egiaztatu zuten. Hasiera batean ezezagunak ezer esaterik nahi ez bazuen ere, Polizia eta Urruñako auzapeza bertaratu zirenean trenbide sareaz arduratzen den enpresarentzat lan egiten duela baieztatu zuen.
RFFrekin harremanetan jarrita, ingurua eta tokiko flora eta fauna aztertzen ari zela adierazi zuen, eta lur pribatuetan sartzeko baimenik gabe ari zela lanean ere onartu zuen.
AHTren trenbide berria egiteko proiektuarekin lotutako pertsona bat baimenik gabe azterketak egiten aurkitu zuten atzo Urruñan. Trenbidearen sareaz arduratzen den enpresarentzat lanean ari zela aitortu zuen.