GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Abertzale guztiek ateak zabalik» dituzte Gernikan eta Baigorrin

Basaizea elkarteko kideek zein Independentistak sarekoek dei egin zieten atzo, Baionan, «abertzale guztiei» Baigorrin edo Gernikan «Argi berdea independentziari» lelopean egingo den Aberri Egunean eta Nafarroaren Eguneko ospakizunetan parte hartzera. «Aro politiko berri honetan elkartasunean, esperantzaren besta» ospatu nahi du Basaizeak. ABk soilik Nafarroaren Egunera deitu du, Independentistak sareari «bere ekitaldia inposatu » izana leporatuta.

p011_f01.jpg

GARA | BAIONA

Independentziaren aldeko indarrak biltzeko garaia heldu dela nabarmenduta, hainbat hautetsi abertzale eta Independentistak sareko eta Basaizea elkarteko kideek, igandean Baigorriko edo Gernikako Aberri Eguneko ospakizunetan parte hartzera deitu zuten atzo, Baionan.

Aurtengo Aberri Egunak, urteroko Nafarroaren Egunarekin bat egiten duenez, egun horretako ekimenak uztartzea erabaki dute antolatzaileek. Inde- pendentistak sareak joera askotariko abertzaleak biltzen dituela gogorarazi, eta iaz egin zuten deialdia aurten berritzea erabaki dutela iragarri zuten.

Basaizea elkarteak egin duen ahalegina goraipatu ostean, Independentista sarearen izenean, Ixabel Etxeberria Urruñako hautetsiak eta Floren Aoizek, bai Baigorrin, bai Gernikan, «Argi berdea independentziari» aldarrikatzera deitu zuten.

Nafarroaren Eguna antolatzen duen elkarteak adierazi zuen azken asteetan zenbait bilkura burutu dituztela alderdi ezberdinetako kideekin ohiko ekitaldiak Aberri Egunaren ospakizunarekin uztartzeko.

ABk deialdirik ez

Alta, adierazpenok egin baino ordubete lehenago, Abertzaleen Batasunak ez zuela Aberri Egunaren deialdirik egingo iragarri zuen ohar baten bidez.

Hasiera batean bi ospakizunak batera eta toki berean, Baigorrin alegia, egin zitezkeela pentsatu zutela gaineratu zuen ABk, betiere «iraupena mugatuz eta Nafarroaren Eguneko ekimenei trabarik egin gabe».

Azkenean, «bi gertakarien artean konpetentzia» ekiditea «ezinezkoa» zela ohartuta, «kultur ekitaldia eta ospakizun politikoa» batera egitea «ideia on faltsua» zela ondorioztatu dute.

Bezperan Aralarrek Donostian egindako adierazpenen ildo beretik, ABk «hegemonia borondate argia» sumatu du Independentistak sarean. «Bere ekitaldi bakarra inposatzea» eta Basaizea elkartea «helburu politiko propio batzuk lortzeko erabiltzea» leporatu dio.

Horrenbestez, Aberri Eguneko deialdirik ez egitea erabaki du baina Nafarroaren Eguneko ospakizunetan presente izanen direla gaineratu du ABk.

Jarrera horren aitzinean, joan den astean Baigorrin egindako aurkezpenean esandakoa berretsi zuten Basaizeako kideek, hau da: «Nafarroaren alde, Euskal Herriaren alde, noizbait indarrak batu behar direnez, egoera politiko berriak alde guztiei urratsak egitea eskatzen du».

Polemikarik ez

Independentistak sareko ordezkariek, ostera, «polemikarik» ez dutela bultzatuko esanda, beren deialdia berritu zuten, abertzale guztiak Baigorrin zein Gernikan «ateak zabalik» dituztela nabarmenduta.

«Elkartasunean, esperantzaren besta ospatuko dugu igandean, Baigorrin» esanez, laburbildu zuten aurtengo deialdia.

12.00 eta 13.00

Nafarroaren Eguneko ohiko ekitaldi nagusia 12.00etan izango da. Independentistak sareak antolatutakoa, berriz, 13.00etan abiatuko da Gaztain Errekako pentzean. Gernikakoarekin bat egiteko asmoa dute bideokonferentziaren bitartez.

Egoera politikoa eta krisia aztertu dituzte ELAk eta EAJk

Ehun urte betetzen dituen unean, ELA sindikatuak Aberri Egunaren karietara kaleratu duen agirian, krisi ekonomikoa zein politikoa ditu hizpide. Egungo egoerari errepasoa eginez, «politika botere ekonomikoaren esku» agertzen dela aipatzen du bertan, krisiak «autogobernua zein mugatuta dagoen» agerian utzi duela gaineratuta.

«Estatu-ituna sasoi betean» dagoela ziurtatu ostean, «autogobernuaren inboluzioa de facto» lortzen ari direla dio sindikatuaren ageriak. «Ilegalizatutako sektore politikoaren prozesua kontuan hartu» behar dela nabarmenduta, «Espaniako gobernuaren jarrera setatia» errefusatzen du, «Euskal Herri batu, aske eta justu bat lortzeko» bere konpromisoa berretsiz jarraian.

EAJ-PNVk ere 2011 «urte latza» dela adierazten du bere agirian. Bai munduan, «bai Euskadin aldaketa garaiak» direla dio. Bakea eta normalizazioa lortzeko eta krisia gainditzeko erronkak aipatzen ditu, Patxi Lopezen gobernua kritikatu aitzin. Zailtasunak zailtasun, «ilusio biziko garaiak» direla gaineratzen du, «sentsibilitate guztien parte-hartze politikoarekin gauzatu» behar direnak. Aberri Eguneko ekitaldia Bilboko Plaza Barrian egingo dute, 11.30ean.

Hamaikabat-ek, berriz, Donostiako Urgull mendian egingo du ospakizuna eta sare sozialetan agiri bat hedatuko du Manuel de Irujoren figura goraipatuz. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo