GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

JOSU GOTZON LANDETA | Irakaslea

Nagusion herentzia, seme-alaben irakaspen

 

Nik gurasoengandik ikasi dut gaur dakidana». Horrela eman zion hasiera aspaldi Egan taldeak gaueko jaialdietan ezin ezagunago egin zen kanta bati, eta harrezkero belaunaldi batzuek dantzatu izan dute erritmoa zein letra bere eginez. Urteak pasa ahala belaunaldiak joan badoaz, eta udazkenaren atean gabiltzanok udaberriaren promesa berria besapean dakarten ume berri asko ikusi ditugu munduratzen, eta lehen pausoak ematen. Ume horiek txiki-txikitatik hazi, eta egunetik egunera koskortzen doaz, horrekin batera hasierako behar soil eta sinple haiek korapilatuz doazelarik. Gurasoon beharra seme-alabak hazi, hezi eta bizitzarako oinarri sendoz hornitzea izan da beti, lehengoek baliabide eskasekin eta behartsu samar, gaurkook oparoago.

Edozelan ere, oparotasunez nabilela ondasun materialez ari naiz, ezen badirudi gizalege ondasunen aldetik inoiz baino pobreago gabiltzala. Antzinakoek transmititzen zituzten baloreak urteetan zehar aldaketa gutxi izaten zituzten, egia sakratu izan bailiran eskuratzen ziren, eta horrela belaunaldiz belaunaldi. Gaur, ostera, aurreko urteetako zapalkuntzek, gatazkek eta saminek lehengo balore aldaezin asko moldatu dituzte: lehen betiko zen horrek orain iraungipen data du.

Ezer eta inor ez ei da beharrezko, eta baliorik handiena izango du une honetan merkatuan balio material gehien duen horrek, diruz gehien kotizatzen den horrek, alegia. Eta balio material horren izenean gauzak eskuratu eta bota egiten dira, eta larriena dena, pertsonak eskuratu eta bota egiten dira, gure ongizatearen izenean edonor zapaltzeko eta suntsitzeko eskubidea justifikatzeraino.

Gurasook seme-alabak inguru hurbileko arriskuetatik babesten ditugu, baita euren burua defendatzen irakatsi ere, baina lehen horrek errespetuaren mugak zaintzea izan ohi zuen zorretan, askotan horrek dogmaz beteriko itsaso batean murgilarazten bagintuen ere, ur azpian ito beharrez.

Gaur egun horrekin apurtu dugu, eta hori poztekoa da alde batetik askatasun indibidual handiagoa transmititzeko ahalmena dugulako, baina bestetik materialismo basatian jausteaz batera ardura sozialen arloan larrugorritan gaude.

Umeak euren gurari indibidualen arabera bizitzen hezten ditugu, askotan ingurukoak lehen mailako futbol entrenatzaileak bailiran tratatuz, hau da, bizimodu arrakastatsua ziurtatuz gero aupa eta biba zu, baina gure gogoko helburuak betetzen ez baditu ostikada eman eta kanpora bidaliko genuke, eta ahal izanez gero miseriaren zulo sakonean usteltzen utzi.

Indibiduoa gain-baloratze horretan gure interes pertsonala baino ez dugu ikusten, kasu gehienetan gure aurkariaren tokian eta bere arrazoiak ezagutu barik, berarekin elkarrizketa gardenik izan barik, Espainiako legearen irakaspena uneoro aplikatuz: lehenik kondenatu, gero epaitu. Horretarako estatu bereko prentsa kutsagarriaren moduak ere imitatzen ditugu: gure gogoa inposatzeko inguru hurbilean txutxu-mutxu korapilo pozoitsu bat sortzen dugu, hain handia non nagusiez gain umeak eurak ere barnean korapilatzen baititugu, etxeak eta zuhaitzak azpian hartu eta suntsitzen dituen elurrolde hilgarri erraldoi bat bailitzan, egia eta gezurraren mugak lausotu arte.

Gure inguru hurbil honetan gizaseme gehienoi ondasun materialek gainezka egiten digute, eta gure «nia eta ni ondokoa» jainkoen tronuan kokatzen dugu. Lagun-hurkoa gutxi estimatzen dugu, eta aurkari suertatuz gero zatarrera botatzen dugu gure mikrouhin tresna zaharrarekin egiten dugun bezala; gure seme-alabek hori ikusten dute behin eta berriz.

Ez gaitezen, bada, gero kexa gaztaroan eurek izan lezaketen gizalege eskasiaz, gizalege eskasia hori bera baitaukagu guk eredu egokia izan behar genukeen nagusiok. Halanda ze, argi ibili gaurko lurrikarak bihar tsunami bihur ez daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo