GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA literatura / narratiba

«Sakoneta». Aurreiritzien sakonetan

p053_f01_36x60.jpg

Leire ZUBELDIA

Euskadi sakona aipatzen didan hurrengoari ostia pare bat!». Hasiera paregabea iruditu zait: batetik, bat egiten dudalako protagonistaren sumintasunarekin; eta bestetik, «Euskadi sakona» esapideak bete-betean kokatzen duelako irakurlea eleberrian jorratu nahi den gaian. Aurreiritziekin egiten du jolas Xabier Mendiguren Elizegik bere azken nobelan. Mota guztietako topikoak sartzen dira jokoan: herri edo eskualde baten gainekoak, baserrian bakarturik bizi direnei lotutakoak, preso politiko ohien inguruan sortutakoak, kazetariei buruzkoak, herri mugimenduei dagozkienak, gazteekiko eraikitakoa, edota Ertzainen irudiarekin erlazionatutakoak.

Istorioa «Euskadi sakonean» dagoen Sasiondo herrian kokatzen da. Segituan atzematen du irakurleak (Gipuzkoakoek gehienbat) fikziozko izen hori Goierriko zein herriri dagokion. Izan ere, pistak ez dira makalak: Sasiondon AHT eraikitzeko lanak egiten hasi dira. Lehenengo pausoa, desjabetutako lur ustiapen eta eraikinak hustea da. Hor hasten dira arazoak, Marmitte izeneko gizon heldu batek, bere bizilekua den Sakoneta baserria uzteari uko egin eta egoiliarra bertatik botatzeko asmoz bertaratzen diren teknikariak tiroka hartzen dituenean. Segituan zabaltzen da gertakariaren berria. Ez da gutxiagorako: denek gogoratzen dute Sasiondoko baserri batean bi ertzain hilik suertatu ziren ezbehar hura. Gainera, Marmittek ETAko kide izatea egotzita espetxean 18 urte igaro izana, erregai bikaina da sua oraindik eta gehiago berotzeko. Jakin-minak erreta hurbiltzen dira Sakonetara (Euskadi Sakoneko Sasiondo herrian, mendi arteko sakonune batean galduta dagoen baserria) bertako zein kanpoko hedabideetako kazetariak eta AHTren aurka dauden gazte ekologistak. Ertzainei iskin egitea lortu eta Marmitteren baserri ondora iristea lortzen dute, Poliziari ingurua husteko lana zailduz. Inprobisatutako kanpaleku horren bueltan sortzen diren harremanak dira istorioari ukitu bizizalea, komikoa, ironikoa, eta maiz, absurdua ematen diotenak.

Bukaerak berriz, ezustean harrapatu nau. Aitortu behar dut, irakurle honi behintzat ez zaiola batere argi geratu istorioaren amaiera. Agian zalantzarekin, interpretazio ezberdinekin jolas egin nahi izan du egileak. Agian, norberaren aurreiritziak agerian uztea zen bere asmoa. Ni ordea, amaiera argi baten beharrean geratu naiz.

24 ordu eskasean gertatzen da guztia. Bi orri eta erdiko atal laburretan banatzen du egileak kontakizun osoa. Atal horietariko bakoitzaren hasieran, bertan kontatzen denaren eguna eta ordua zehazten ditu. Honek, denboran saltoak egiteko aukera ematen dio egileari, kontakizunean komeni zaion eran aurrera eginez, eta agertoki ezberdinetan gertatzen dena elkar lotuz. Aldi berean, irakurleak ez du galbiderik. «Noiz» jakinda, badaki «nor» eta «non» ari den hizketan. Baliabide eraginkorra da beraz kontakizunean kokatzeko eta behin haria hartuz gero, ordulariari begiratu beharrik gabe pasatzen dira orriak. Behin eta berriz entzuten dugun ideia absurduraino eramanez, istorio dibertigarria sortu du idazle eta editore beasaindarrak. Eta bai, nik ere gustura emango nizkioke «Euskadi sakona aipatzen didan hurrengoari ostia pare bat!».

Fitxa

Izenburua: «Sakoneta».

Egilea: Xabier Mendiguren Elizegi.

Argitaletxea: Elkar, 2011.

Orrialdeak: 146.

Salneurria: 13,50

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo