GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aberri Eguna Baigorrin ospatzea herriaren nahia dela dio Basaizeak

Basaizeak Baigorrin ospatuko du gaur Nafarroako Eguna eta Aberri Eguna. Independentistak sareak, berriz, hitzordu bikoitza jarri du, Baigorri eta Gernika. Horri batu zaizkio ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Bildu. Aralar eta AB Baigorrin baino ez dira izango; eta EAJ, Bilbon.

p016_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Basaizea elkarteak egoera politiko berriaren aurrean, Nafarroaren Eguna indar abertzale guztien baturan datzala azaldu zuen atzo agiri baten bidez. «Herriak baikorki erantzun dio gure deiari: 1.000 laguntzaile, Independentistak sarea, Ikastolak, euskal elkarte desberdinak... Nafarroaren Eguna Aberri Eguna izanen da Baigorrin, herriak hala nahi izan duelakotz», azaldu zuten.

«Ezetzarekin erantzun duten alderdi abertzaleek -dio Basaizeak oharrean-, egun honetan protagonismo osoa ez zutelako izanen, Euskal Herriaren elkartasunaren kontra doan erabaki bat hartu dute».

Herriak gaur, Nafarroaren Egunean, Baigorrin, Aberri Eguna ere, alaitasun eta askatasun osoz ospatzeko borondatea azaldu zuten.

Bere partetik, Independentistak sareak Aberri Eguna Gernikan eta Baigorrin ospatzeko deia egin du. Gernikan manifestazio nazionala egingo dute 12.00etan, herriko kale nagusiak zeharkatuz. Horren aurretik, 11.45ean, bertan bilduko diren eragileek adierazpenak egingo dituzte Udaletxeko plazan. Bertatik abiatuko da manifestazioa eta ekitaldi politiko batekin bukatuko da Pasialekuan. Manifestazioan zehar ere adierazpenak egingo ditu Independentistak sareak. Egun osoko jaialdia izango den honetan, 1.200 lagunentzako herri bazkaria antolatu dute. Nabarmendu dutenez, 200 bat boluntario arituko dira lanean egun osoan. Bestalde, Baigorriko ekitaldia 13.00etan hasiko du Independentistak sareak.

Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Bilduk ere bat egin dute Independentistak sareak Gernikara eta Baigorrira hurbiltzeko egindako deiarekin. Hala, Aberri Egunean parte hartzera animatu dituzte abertzaleak. «Egunez egun eta arloz arlo herri ikuspegiz aritzeko deia luzatzen dugu, eraiki nahi dugun Euskal Herria sektorez sektore eta arloz arlo bultzatuaz».

Horrez gain, aurtengo Aberri Eguna oso testuinguru politiko berezian dagoela adierazi du ezker abertzaleak; «azken urtean emaniko aldaketa sakonek eta gure herriko eragile batzuek harturiko erabaki garrantzitsuek markaturiko testuinguru politikoa da bizi duguna», dio ezker abertzaleak.

Bilduk ere bat egin du Gernikara inguratzeko deiarekin. Koalizioko bozeramaileek adierazpenak egingo dituzte Independentistak sareak antolatu duen Aberri Eguneko ekitaldian parte hartu baino lehen. 11.45ean izango da hori, Gernikako Udaletxearen parean.

Bestalde, Abertzaleen Batasunak eta Aralarrek adierazi dutenez, Baigorrin izango dira, baina ez Gernikan. Aralarren izenean Aintzane Ezenarrok hartuko du hitza, eta 11:30ean, Baigorriko elizaren atarian egingo ditu adierazpenak.

EAJ Bilbon izango da

EAJk Bilboko Plaza Berrian ospatuko du ekitaldia. Orioko hondartzan ekitaldia antolatu zuten atzo, Aberri Egunaren harira, eta bertan EAJko Gipuzkoako lehendakari Joseba Egibarrek adierazi zuenez, Euskal Herria ez da «bere nortasuna frogatu behar duen paperik gabeko nazioa», eta beraz, «aitortua» izan behar duela gaineratu zuen, herri guztiek «erabakitzeko eskubidea» berezkoa dutelako.

Horretaz gain, euskal nazioaren defentsa izan dela «aurrera egitea ahalbidetu duena» argitu zuen, gauzak beste modu batean joan izan balira, euskal gizarteak orain ez lukeela izango duen «autogobernu maila». «Euskal nazioaren defentsan iritsi gara hona eta aldarrikapen horretatik emango dugu bere aitorpenerako behin betiko pausoa», azaldu zuen Egibarrek.

GERNIKA

Herriko kale nagusiak zeharkatuko ditu manifestazioak, 12.00etan hasita. Pixka bat lehenago, 11.45ean, bertan biltzekoak diren eragileek adierazpenak egingo dituzte, Udaletxeko plazan.

BAIGORRI

Aralarreko Aintzane Ezenarrok 11.30ean egingo ditu adierazpenak. Independentista sareak 13.00etan emango dio hasiera ekitaldiari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo