GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte mugimenduak iraultzari eskua eman zion Soraluzen

Ikusi eta ikasi. Soraluze ekintzailez gainezka zegoen ostiralean. Bizirik daudela sentitzeko egarri ziren bertaratuak, eta lortu ere lortu zuten.

p018_f04_198x100.jpg

Ana ABARIZKETA

Azkenean iritsi zen Matxinsalto Eguna Soraluzera, eta hainbat ingurutako autobus ugari gerturatu ziren Debabarreneko herri honetara ostiralean. Horietariko askori, gainera, zuzeneko bidea trabatu zieten, Poliziaren kontroletan gelditu baitzituzten. Ez zuten lortu, hala ere, Matxinsalto Eguna geldiaraztea. «Oztopoak oztopo hemen gara gazte mugimenduko kideok, elkarrengandik ikasteko asmoz», esan zuten antolatzaileek hasierako ekitaldian.

Izan ere, Matxinsalto Egunak ospakizun eta festa kutsu handia izateaz gain, konpromiso sendoetan oinarritutako eguna ekarri zuen, bata eta bestea kontrajarriak ez direla demostratuz gainera. Auzolana, elkarlana, intsumisioa eta koherentzia izan ziren konpromiso nagusiak. Euskaraz Matxinsalto Egunerako aproposa den hitz jokoa badela gaineratu zuten antolatzaileek: «Ikusi eta ikasi». Ekintzen helburu nagusia hori izan zen.

Goizeko ekitaldietan, egunak ezinbestekoa zuen kolektiboan oinarritutako jarrera martxan jartzeko aukera eman zuten hainbat txokotan prestatutako tailerrek. Sozioekonomia, nekazaritza, harremanak eta sexualitatea, komunikazioa, kultura, hezkuntza eta aisialdia izan ziren, besteak beste, aukeratutako gogoeta gaiak.

Komunikazio tailerrean esaterako, gaur egun komunikazioak duen garrantziaz jardun zuten, sistemak komunikazioa bere interesen arabera erabiltzeko moduaz. Botereak inposatu nahi dituen baloreak transmititzeko erabiltzen duen tresna dela nabarmendu zuten. Tailerrera bertaratutakoak ordea, komunikazio alternatiboa sortzeko gaitasunaz mintzatu ziren, botereak erabiltzen duen komunikazio hori, «norbanakoren buruak» askatzeko ere erabil daitekeela azpimarratuz. Internetez ere jardun ziren, erreminta bat dela ondorioztatuz, baita kalea berreskuratzeko premiaz ere. Horren harira, egun osoko informazioa zintzilikatu zuten http://topatu.info/matxinsalto atarian, tartean ekitaldi horietan jasotako audioak.

Sozioekonomia tailerrean berriz, herri hipotetiko bat irudikatu zuten gazteek. 60 lagunek parte hartu zuten bost taldetan banatuta. Kasuistika ezberdinak aztertu zituzten, besteak beste, etxebizitza, langabezia, lan baldintzak, etorkinak edo genero ikuspegia landuz. Herri, hiri eta auzoetan sor daitezkeen kasu ezberdinak identifikatu zituzten, errealitateak ere, han eta hemen, ezberdinak direlako.

Gauera arte elkarlanean

Herriko kiroldegiko frontoian, 700 bat lagunentzat prestatutako herri bazkariaren ondoren, guneetako ekimenek hartu zuten lekukoa. Ausardiaz, erritmoz, irudimenez, eta sorkuntzaz bete zuten herria Soraluzera gerturatutakoek.

Dantza afrikarrek herriko plaza dantzan jarri zuten. Bertso eta rap errimek ere eman zuten zeresana, izan ere, gazte sormena bizirik dela argi geratu zen, eta publiko artetik boluntario gisa rap kantariak desafiatzera ausartu ziren hainbat lagun.

Saltoz salto, gaztetxea doinu lasaiagoz bete zen, eta bien bitartean, Eskandalue txaranga dantza giroa zabaltzen aritu zen lau haizetara. Gauean, Izeta, Xero Xiette, Itziarren semeak eta Ze Esatek! musika taldeek bereganatu zuten oholtza.

Gaueko kontzertuen aurretik, hala ere, antzerki emanaldia egin zuten. Partaideek kultura globalizatua irudikatu zuten, ekonomiaren mesedetan den ekologiaren gainbeheraz, demokraziaren eromenaz, jokabideen mekanizazioaz, berdinak izatearen inposizioaz, euskarak bizi duen zapalkuntza egoeraz...

Grisez jantzitako bi pertsona igo ziren oholtzara, gazte automata eta sormen gaitasunik gabekoak irudikatuz. Kolore ezberdinetako pinturak jaurti zizkieten, kolore bat gogoeta bakoitzeko. Kolore ezberdinez bustitako gazte berriak irudikatuz bukatu zen antzerkia, gazte askeak sortuz eta irudikatuz. Eta mugak haustera deitu zuten, eta matxinadara salto egiteko oihua zabalduz eman zioten amaiera arratseko ekitaldiari. Soraluzen batutako gazteak saltoka jarriz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo