GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Pedro Zuberogoitia | Deustu

Deustuko Erribera eta Zorrotzaurre Plana

Gaur, etxeko ataritik irtetear nengoela, ohar bat ikusi dut itsatsita. Udalak, urtero legez, arratoien aurkako kanpainari ekingo dio. Arazoa barrutiko auzo guztietan pairatzen dugu: Arangoiti, Deustu-Doneperiaga, Deustuibarra, Elorriaga mendia, Elorrieta, Ibarrekolanda, San Inazio. Puntu sadikotik izan ahal duen poztasun sentipen batekin, arratoiak hankaz gora irudikatu ditut eta ahaztu egin dut kontua. Kafe orduan, berriz, Bizkaiko eskuinaren bozgorailua den egunkaria hartu dut tabernan. Bat-batean berri batek harrapatu nau: «Idom habilitará el primer edificio de Zorrozaurre». Humm...baina non demontre dago Zorrotzaurre? Arratoien zerrendan ez dator; gainera, oker ez banago, Idomek Deposito Franco zeritzon eraikina baliatu du bere egoitza egiteko. Depositoa, ezaguna denez, San Inazion kokatzen zen, Kanariar Irlak kalean.

Beraz, noiz pasatu da Zorrotzaurre Deustuko Erriberako zati bat izatetik (Zorrotza aurrean kokatzen dena, hain zuzen) barrutiko eremu gero eta handiagoa hartzera? Zergatik erabaki da izen aldaketa hori? Uste dut asko garela gustura ikusiko genuenok Erribera suspertuta eta gainontzeko auzoei lotuago. Era berean, uste dut erreferendumean bozkatzeko aukera bagenu, gehienok kanala estaltzearen alde egingo genukeela eta ez irla bihurtzearen alde. Ubidea estaliz, Deustuk berez zuen itxura berreskuratuko luke eta ekipamendu eta berdegune gehiago kokatu ahal izango genituzke bertan.

Datorkiguna ez da hutsaren hurrengoa, barrutiko 50.000 biztanleon bizi-kalitatea baitago jokoan. Kanala elkartekoek aldrebeskeriaren zati bat geldiarazi zuten iaz; horrek erakusten du badagoela oinarrizko aldaketak eragiterik proiektuan.

Hortaz, horra hor erronka: izena berreskuratu (Deustuko Erribera-Deustuibarra) izanari eusteko eta etorkizun hobea bermatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo