Kanpoko portuaren auzian, ingurumena, logika eta pasaitarren iritzia kontuan hartu behar dira
Duela hilabete batzuk, krisi ekonomikoa dela-eta Gobernu espainolak iragarritako murrizketek gogor kolpatu zuten Pasaiako kanpoko portuaren hasierako egitasmoa, baina, nahiz eta askoz neurri txikiagoan izan, instituzioetako agintariek egitasmoaren aldeko mezua berretsi zuten. Dena den, oztopoak ugaritzen doaz hasieratik pasaitarren oniritzirik izan ez duen proiektu honen bidean, eta atzo jakinarazi zutenez, Ingurumen Ministerioak egitasmo horren aurkako oso txosten gogorra egin du. Besteren artean, txostenak dio kanpoko portuak «atzeraezinezko» kalteak eragingo lituzkeela, eta ekonomikoki «bideraezina» dela. Egungo portua bere horretan uztearen aldeko hautua egiten du, gehigarri edo hobekuntza batzuk eginez.
Txostena ikusita, portua eraikitzeko protokoloa bertan behera uzteko eskatu dute jada zenbait taldek, eta Pasaiako portuko buruak onartu du ingurumenari dagokion oztopoa gainditzen ez bada ezin izango dela portu berria eraiki. Kasu honetan, beste hainbatetan bezala, ingurumenari, logikari -logika ekonomikoa ere kontra du proiektuak- eta herritarren iritziari erreparatzea ezinbestekoa da.