GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakakoa

Pilotak ez dira aitzakia izango larunbateko finalean

Ibarrola-Janots eta Waltari-Lanbert neurtuko dira Baionako Moderne trinketean txapelaren lehian.

p039_f01_199x116.jpg

Jon LEUNDA

Inongo arazorik gabe bereizi zituzten atzo datorren larunbat arratsaldean, 18.00etatik aurrera, Baionako Moderne trinketean jokatuko den Berezkoen Binakako Txapelketako finalerako pilotak. Alde batetik Janots eta Ibarrola arituko dira, eta, bestetik, Waltari eta Lanbert.

Landatako pilotari bat lehen aldiz izango da final batean, baina azken orduko arazoak medio, Janots ezin izan zen atzoko pilota aukeraketan izan. Ibarrolak bakarrik aukeratu zituen. Hain zuzen ere, 94 gramoko bi pilota aukeratu zituen. Waltarik eta Lanbertek, berriz, 94 gramoko bat eta 95 gramoko beste pilota bat bereizi zituzten.

Pilotariak konforme geratu ziren, eta larunbaterako prest. «Berriro ere final batean naiz, azkenaldian beti naiz honelako partidetan, eta hori ez da kasualitatea. Horren atzetik badago lan handi bat, eta horren ordaina da hau. Final guztiak dira ederrak, baina honek poz berezi bat ematen dit, nirekin Lanbert baitago. Denbora gutxi darama profesionaletan, eta jadanik finalean da. Irabazteak ere sekulako ilusioa egingo lidake, batez ere beregatik», esan zuen Agusti Waltarik.

Kubatarrak garbi dauka sakeak garrantzi handia izango duela. «Bera oso sakatzaile ona da, eta min egiten saiatuko da. Guk ere hori egin beharko dugu. Sake txarrak ateratzen saiatuko naiz, kintzea azkar finitzeko. Gaineratzean badakigu; biok saiatuko gara pilota atzean jartzen. Izan ere, beraiek badakite aurrean uzten badidate, tantoa azkar amaituko dudala», esan zuen.

Lanbertekin gustura ari dela onartu zuen. «Oso ongi moldatu gara. Bietako batek huts egiten dugunean, elkarri bultza eta aurrera. Oso gustura ari naiz berarekin», aitortu zuen.

Egungo txapeldunak ez du uste bere kidea presioak jango duenik. «Denbora gutxi darama profesionaletan, baina ohituta dago. Pasa den udazkenean Paueko trinketa gainezka zela jokatu zuen Munduko Txapelketako finala. Ez dut uste kikilduko denik», esan zuen.

Esan bezala, Ximun Lanbert izango da kubatarraren atzelaria. Orain dela hilabete gutxi amateurretan ari zen jokatzen, eta profesional bezala jokatzen duen lehen txapelketan finalean sartu da. «Oso gustura nago. Badakizu Waltari bezalako batekin ari zarenean aukerak dituzula, eta hor kezka izaten duzu ea erantzungo duzun edo ez, baina orain arte gauzak primeran joan dira», esan zuen.

Lehen finala izateak eta faborito izateak presio apur bat sortzen duela onartu zuen. «Garbi dago baietz, baina aurrean Waltari izateak ere lasaitasuna ematen du», dio. Jakin badaki aurkariak bera estutzen saiatuko direla. «Beraiei ez zaie komeni Waltari jokoan asko sartzea; beraz, ni estutzen saiatuko dira. Hori bai, ni ondo erantzuten saiatuko naiz», esan zuen.

Ibarrola, prest

Beste aldean Patrick Ibarrola prest agertu zen. «Prest gaude. Azkenaldian final dezente jokatu ditut, eta jokatzeko gogoarekin nago. Waltari dugu aurrean, eta saiatuko gara berari erantzuten», esan zuen.

Izan ere, ondo daki neurketa zaila izango dela. «Helburua errestoan erantzutea da. Hori lortzen baldin badugu geure aukerak izango ditugu», esan zuen. Berak ere profesional berria du lagun, Janotsek lehen denboraldia baitu onenen artean. Hori bai, oso ongi moldatu dira elkarrekin. «Lan ona egin du, eta konfiantza osoa daukat beregan», esan zuen.

Waltari eta Lanbert faborito nagusiak dira, eta horrela esan zuen Federazioko esku pilota profesionaleko arduraduna den Philippe Karrikart pilotari ohiak. «Nik uste dut garbiak direla. Besteek zerbait egitekotan errestoan erantzun behar dute, Waltariren sakeak ongi eraman behar dituzte, hor egongo da gakoa», esan zuen.

Pisua

Bikote bakoitzak bina pilota bereizi zituen, oso antzekoak guztiak ere. Hiruk 94 gramo pisatu zituzten, eta, Waltari-Lanbertek aukeratutako batek, 95 gramo.

Faboritoak

Atzo Baionako Moderne trinketean batu ziren guztiek garbi zuten Waltari eta Lanbert irabazteko faborito garbiak direla. Dirua ere oso nabarmen aterako da beraien alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo