Presoak
Anaia bisitatzeko eskubidea ukatu diote Zigor Goikoetxea preso ohiari
Zigor Goikoetxea preso ohiari Aranjuezen preso dagoen Arkaitz anaia bisitatzea galarazi diote, amnistiaren aldeko mugimenduak jakitera eman duenez. Hilaren 21ean, espetxeko Komunikazio arduradunak Zigor Goikoetxeari bisita egiteko eremura ez zela sartuko esan zion. Jada Algortan bueltan zela, Arkaitz anaiaren telefono deia jaso zuen Zigorrek eta bisita eragozteko aitzakia espetxera bi ordu berandu heldu omen zela izan zela azaldu zion. Gertatutakoa ikusita, Zigor Goikoetxeak salaketa jartzeko asmoa duela adierazi du, espetxeko agintariek aurkakoa esaten badute ere, 10.00etarako -bisitako ordua- Aranjuezeko espetxean baitzen. Funtzionarioek 12.00etan heldu zela diote, baina ordu horretan telefono dei bat egin zuen etxera eta hori froga gisa erabil daitekeela nabarmendu du Zigor Goikoetxeak. Joan zen urtean ere, anaia Villenako espetxean zela, bisita egiteko eskubidea ukatu zioten Zigorri.