GARA > Idatzia > Euskal Herria

Senpereko lakua tantaz tanta betetzea, Herri Urratsen erronka

Maiatzaren 8an Senpereko lakua «mundu bat» bilakatzea nahi dute Herri Urratseko 28. edizioaren antolatzaileek. Helburu horrekin egitarau mardula prestatu dute ahalik eta euskaldun eta euskaltzale gehien bertara erakartzeko. Festa erraldoiarekin lortutako irabaziak Kanboko bigarren hezkuntzako Xalbador ikastetxea eraberritzera bideratuko dituzte.

p015_f01.jpg

GARA | BAIONA

Aurtengo leloari atxikiz, datorren maiatzaren 8an Senpereko lakua tantaz tanta betetzeko erronkari aurre egiteko prest agertu ziren, atzo, Baionan, Herri Urratseko antolatzaileak.

Seaskako ikastolen aldeko festaren 28. edizioak «Laku bat munduan» du leloa eta hori da, hain zuzen, espero dutena; mundu bat bertaratzea, alegia.

Kari horretara, egitarau mardula prestatu dute. Aurtengo ekimenak prestatzeko jaso duten laguntza zinez eskertu zuten, sekula baino lehenago abiatu duten kanpainan partaide anitz izan baitituzte. Horien artean, kanpaina bera diseinatu duen Di-Da Abadiñoko komunikazio enpresa, lema asmatu duen Igor Elortza, kantaren hitzak sortu dituen Sustrai Colina bertsolaria, hitzoi musika jarri dien Berri Txarrak taldea, enpresetan deialdia hedatu duten LAB eta ELA sindikatuak, Realaren entrenamendu bat Biarritzera eraman duen ESAIT edota emanaldi eta aldizkari berezi banarekin Herri Urrats lagundu duten Pirritx, Porrotx eta Irrien Lagunak Kluba.

Xalbador ikastetxea

Antolatzaileek euskaldun orori, euskaltzaleei eta erakundeetako arduradunei aurten ere Herri Urrats babesteko eskatu zieten atzoko agerraldian, Senperen «milaka tanta» elkartzea baitezpadakotzat baitute.

Jaiak 40.000 euro inguruko aurrekontua du eta bertan bildutako diruarekin Xalbador ikastetxea eraberritzea dute helburu. Kanboko ikastetxea izan zen, hain zuzen ere, bigarren mailako hezkuntza (12tik 16 urte bitartekoa) eskaintzeko Seaskak ireki zuen lehena, 1984an.

Geroztik sortutako beste bi kolegioek -Ziburuko Piarres Larzabal eta Donaixtiko Manex Erdozaintzi-, Baionako Etxepare lizeoak eta hiru herrialdeetan barreiaturiko 25 lehen mailako eskolek eta ama-ikastolek osatzen dute Seaskaren sarea, orotara 2.700 ikasle dituena.

Ipar Euskal Herrian murgiltze sistema eskaintzen duen sare bakarra duela 42 urte abiatu zen. Estatu frantseseko erakundeen nolabaiteko babes maila erdietsi badu ere, oraindik orain gorabehera handiak ditu bere bidea egiten jarraitzeko. Horregatik, besteak beste, Herri Urratsen ekarpena garrantzitsua suertatzen da oso euskararen eta euskarazko hezkuntzaren proiektua gauzatzen segi dadin.

Maiatzaren 8ko hitzordura ahalik eta jende gehien erakartzeko asmoz, adin guztietako herritarrei begira antolatutako egitarau oparoa izango da aurten ere Senperen. Ikuskizunak, kontzertuak eta askotariko animazioak ez dira faltako.

Haur eta gaztetxoak eta musika zelta, egitarauaren ardatz

Aurtengo Herri Urratseko egitaraua indartzeko, bi ardatzetan ahalegin berezia egin dutela nabarmendu zuen atzokoan Peio Erramouspek. Alde batetik, haur eta gaztetxoei begirako ekimenak ohi baino oparoagoak izanen dira.

Xiba kirol elkartearen eta Irrien Lagunak Klubaren partaidetzarekin, 10.00etatik goiti mota askotariko jolasak, dantzak, pailazoak eta entzierro txiki bat ere antolatu dituzte Senperen etxeko txikienentzat. Ohiko puzgarriak ez dira faltako eta iaz hain arrakastatsua izan zen eskalatzeko pareta ere instalatuko dute.

Musikarena izanen da beste ardatza. Aurten, kultura zeltari aparteko lekua egin diote, Luar Na Lubre talde galiziar ezaguna eta Bretainiako Cercle Armor Argoat musika eta dantza taldea gonbidatuz.

Horrez gain, kontzertu ugari izango dira (Izate, Berri Txarrak, Emon, Watsin, Roni...). Dantza taldeez (Hala Doaz, Kukai, Goazen, Korrontzi eta Oinkari, Gorpitz...) gozatzeko aukera ere izango da.

Egitarau osoa www.herriurrats.com webgunean ikus daiteke. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo