Kronika | 33. galeriara bisita
«Shaf» artista polifazetikoak amets bat sortu du Oteizaren etxe ondoan
Irungo Iparralde kalean, Jorge Oteizaren etxearen ondoan eta Ficoba erakustazokatik hurbil-hurbil, bada galeria proiektu bat bertan bizi den Javier San Martin «Shaf» artista gazteak sustatua. Ametsa betetzeko, berak asmatutako teknika batekin, «shafografiarekin», egindako erretratuak saltzen ditu.
Maider IANTZI
Jorge Oteizaren eta Nestor Basterretxearen etxebizitza abandonatuaren ondoan, 33. Galerian, bizi da Javier San Martin «Shaf», koadro, eskultura, panpina, musika tresna eta denetariko material eta artelan artean. Atea jo eta barrenera gonbidatu gaituenean, zabal-zabalik alde batera eta bertzera begira hasi zaizkigu begiak, bitxikeria guztiak harrapatu nahian. Kaosa da nagusi, baina kaosetik sortzen omen dira lanik ederrenak.
Eskailerak igo eta ordenagailu aitzinera eraman gaitu bere teknika berezia, shafografia, nola egiten duen erakusteko. Shafografiarekin osatutako erretratuak martxa ederrean saltzen ari da 50 euroren truke. «Prezio ridikuloa da artelanentzat, eta jendea oso pozik dago eta gehiago eskatzen ari da. Opari politak dira eta, gainera, erosleek galeriako bazkide izateko aukera dute», aipatu du.
Argazkilariari eta bioi argazki bat atera digu, eta jarraian ordenagailuan sartu du irudia. Han Photoshop programarekin ukitu batzuk eman eta paper garden batean inprimatu du erretratua. Transparentzia beste paper baten gainean jarri orduko tinta beltza zabaltzen eta marrazkiak osatzen hasi da. Sortzaileak azaldu digunez, ezin da gertatuko dena erabat kontrolatu, ezin da jakin tinta nola joanen den zabaltzen eta kolorez eta formaz aldatzen, eta hori da politena.
Behin tintaz irudia margotuta, batzuetan elementu batzuk gehitzen dizkio. Adibidez, literaturaz maitemindurik dagoen neska bati zabaldutako liburu batzuk erantsi dizkio, hegalak bailiran. Adineko gizon bat, aldiz, banku batean eserita marraztu du kirol egunkari bat irakurtzen.
Alternatiboa
Artelan hauek eginez, diru pixka bat lortu eta laster batean galeria bat eraikitzen hasteko asmoa du irundarrak. «Galeria alternatiboa izango litzateke. Ez litzateke egun osoan irekita egongo, ekintza edo jardunaldiren bat dagoenean baizik. Agertoki txiki bat jarriko genuke, sofa batzuk, horman bideoak proiektatuko genituzke... Nire lanez gain, beste pertsonen erakusketak egongo lirateke ikusgai eta antzezlanak antzezteko elkartuko litzateke jendea, edo musika jotzeko, edo beste edozein obra egiteko».
Erakusketa, kontzertu zein jardunaldietarako txokoa behean atonduko du, zabala baita eta galeria bere etxebizitzatik banatzeko modua ematen baitio. Oraingoz, traste zaharrez beteta dago garaje erraldoia: garai bateko berogailuak, surfeko taula luze bat, labe puskatu bat eta bertze makina bat etxetresna eta altzari, bizikletak, kable amaigabeak... Dena desordenatuta. Hala ere, lagun talde bat elkartu eta dena ateratzea ez dela lan handia izanen adierazi du San Martinek baikor.
Kontatu digunez, Irun aldean militarrez jantzita ibiltzen den gizon bitxi eta interesgarriarekin dokumental bat grabatzeko lanean ari da eta berarekin elkartzen da elkarrizketak egiteko eta ezagutzeko. Rober du izena eta pazientzia handia eta denbora anitz behar omen da hari kontuak ateratzeko, baina hartuz gero, sekulako istorioak kontatzen omen ditu. Txatarra biltzen eta saltzen aritzen den ibiltari beterano honek material ugari topatzen du artista gaztearen bizitokian.
Militar jantzitako gizona
Roberrek ama bertakoa zuen eta hemen eta AEBetan bizi izan zen. 24 urterekin labankada bat eman zioten Central Parken, odol pila galdu zuen, koman egon zen, eta geroztik ez da lehengoa izan. Ama orain dela 20 urte hil zitzaion eta Irunen bizi da bere bi katuekin. «Bere ohiturak aldatzen ez dituen pertsona bat da. Orain oso ilusionatuta dago dokumentalarekin. Milaka bitxikeria ditu kontatzeko, mendiko bide eta paseo guztiak ezagutzen ditu. Oso interesgarria da kultura handia duelako, erreferentzia historiko ugari egiten duelako hitz egiterakoan. Ingelesezko hitzak ateratzen zaizkio, zoragarria da, oso pertsonaia konpletoa berarekin lan bat egiteko».
http://www.shaf.es webgunean, erretratuak erosteko eta galeria sortzen laguntzeko aukera dute nahi duten guztiek, baita lanak ezagutzeko ere. Pintura, eskultura, lan grafikoak eta bertzelako egitasmoak ikus daitezke, garai batean kaleratzen zuen “Lagarto jarto” fanzinea, errate baterako. Nola ez, galeriaren argazkiak ere badira, txokoa nolakoa den eta zein egoeratan dagoen jakiteko.
Etxea Trias familiarena da, eta orain dela urte anitzetik bizi da Shaf bertan, hasieran alokairuan eta gero mezenasgoan. «Oso harreman ona dugu, zorte handia daukat», adierazi du.
Shafek umeek hain maite dituzten algodoizko goxoki arrosak ditu sinbolo eta 33. Galeriari usain nahastezin hau dario. Eskultura eta artelanetarako material gisa erabiltzen ditu goxokiak eta busto ikusgarri bat egin du horiekin. Bertzelako litxarkeriekin ere egiten ditu obrak; Cheetos patata zorroekin osatutako panpina da horren erakusgarri.
34 urteko mutila erabateko artista da, dena egiten duelako: pintura, eskultura, musika, ikus-entzunezkoak, diseinua zein publizitatea. Adibidez, Irungo Udalarentzat alkoholaren prebentziorako kanpaina bat egin du, Opilaren Egunerako. «Oso polita da. Oilasko batek etorkizuna aurreikusteko ahalmena du eta neska-mutilengana joaten da zer gertatuko zaien erakusteko».
Eskultura proiektuak
Krisia dela-eta, eskultura proiektuak geldirik ditu. Irunen adierazgarri den eskultura baten maketa erakutsi digu, altxatzen den trenbide bat. «Beti egiten dut lan kontzientearekin eta subkontzientearekin, gizabanakoaren dualtasunarekin. Obra honek ere hori erakusten du: aurreiritziek lotzen dute, ez diote errail bakoitzari bere aldera joaten uzten, baina norabide espiritualago bat hartzea lortzen dutenean, ametsen munduko norabide bat, aurreiritziak eta errailak askatzen hasten dira. Estetikoki, asko gustatzen zait, zoragarria da».
Hasieran, Renfeko geltokiaren ondoan jartzeko asmoa zuten; gero, ETH Hotelean. Proiektua egina dago eta berriro helduko diotela espero du.
Errioxako bertze proiektu bat ere stand by egoeran dago. Guardiako eta Labastidako gune batean zazpi-zortzi dolmen daude, eta dolmenak eta eskultura modernoa elkartu nahi zituzten. San Martinen proiektua hautatu zuten. «Dolmenak ez daude itxita, heriotzaren adierazpen honetan pertsona ez delako bukatzen, beste egoera batera igaro baino».
Musika ere sortzen du Shafek. Elena Y La Verbena taldean 80ko hamarkadako kantuen bertsioak egiten dituzte. Los Amores-en, rock and roll-eko eta blueseko bertsioak egiten dituzte, Lou Reed, Elvis... «Bi uhin erabat ezberdin dira, eta bietan gozatzen dut, inongo presiorik gabe. Bertsioak egiten ditut, konposatzeko garaia pasatu nuelako. Bertsioak dibertigarriagoak dira, bakoitzak prestatzen dituelako eta egun batean entseatzeko gelditu eta gero jo egiten ditugulako».
Dualtasuna
Jam sessions musikarien topaketak antolatzen ditu. «Agian, hogei pertsona elkartzen gara: saxo bat, bi baxu, bateria-jotzaileak, abeslariak... Azkenaldian, jotzen dugun bitartean lagun batek bideoan grabatzen gaitu. 20.00etan hasi eta 04.00etarako bideo-klipa egina dugu zuzeneko musikarekin».
Diziplina guztietan adierazteko irizpide bera darabil, gizabanakoaren dualtasuna, Ekialdeko yin eta yang-en batura. Urdina eta horia kontrajartzen ditu eta bien artean berdea osatzen dute. «Publizitatea ikasi nuen eta horrek oinarri oso ona eman zidan beharren arabera komunikatzeko, bezeroarenak, edo espazioarenak, edo hiriarenak...».
Begiak kolorez, irudiz, sentsazioz eta ametsez bete-bete eginda, bagoaz 33. Galeriatik. «Itxaron, itxaron! –egin digu garrasi Shafek–. Ez duzue erretratua hartu!». Eta artelana hegan balkoitik beheiti bidaliz agurtu gaitu, hurrengo bisitan txokoa oraindik biziagoa eta aberatsagoa izanen den esperantzarekin.